argia.eus
INPRIMATU
"E-KLIPSEA"
TELEBISTA BAI, IRRATIA ERE BAI
  • Euskadi Gaztearen 10 urteak ederki ezagutu ondoren, Joseina Etxeberriak ez du mikroa eta aurikularrak uzteko batere gogorik, baina azkenaldian gero eta gehiago ari da hurbiltzen telebistara. Orain gaueroko bideo-klipen inguruko saioa hasi berri du.
2000ko urriaren 08a
Programa astelehenetik ostiralera izango da, gau aldean, eta orduerdiko iraupena izango du. Gainera, Joseina Etxeberriak berak ziurtatu digun moduan, astean behin saioa ikusleen eskakizunekin beteko da.

Izen bitxia jarri diozue musika programari.
Horrelako programen izenek beti izaten dute edukiarekiko loturaren bat. Guk batik bat bideo-klipak jorratuko ditugu, eta, gainera, jendeak e-postaz bere eskakizunak egitea nahi dugu, jendeak parte hartzea; horrexegatik hasierako "e-" zeinu informatiko hori.

Bideo-klipez ari garenean kanpoko taldeen irudiak datozkigu burura; izango dute euskal taldeek tarterik saioan?
Euskal Herrian ez dira klip asko egiten, eta guk, noski, euskal taldeen musika sartu nahi dugu. Horregatik, Kafe Antzokian bezalako lekuetan eskaintzen dituzten kontzertuen irudiak erabiliko ditugu. Ez dutela horrelako irudirik? Bada taldeei zera esan diegu, biran ibiliz gero kamera digital bat hartu eta euren burua graba dezatela, guk pozik eskainiko ditugu irudiok-eta.
Intentzioa egunero euskal talde bat sartzea da, baina, honez gain, orokorrean klip berriez gain "zaharrak" ere eskaintzea, artelanak direnak, hots, Michael Jackson-en "Thriller" bezalakoak. Azken finean, egingo duguna irrati-formula telebistaratzea izango da, eta jendeak gustukoen dituen kantak noizbehinka errepikatzea, kontuan izanik, hori bai, programa astebete lehenago grabatzen dela eta, beraz, eskakizunak ezingo direla bat-batean bete.

Beraz, badago irrati-formula telebistaratzerik?
Musikak teorian oso ongi funtzionatu beharko luke telebistan, jendea eskatu eta eskatu ari delako, baina gero praktikan ez da horrelakorik gertatzen, TVEko Miguel Boseren programarekin gertatu moduan, hots, sekulako baliabideak jarri arrakastarik ez lortzeko. Horrelakoak TVEn gertatzen badira, pentsa ETBn gerta daitekeena. Beraz, ahalik eta aurrekonturik txikienaz ahalik eta gauza gehien egiten saiatzen gara, eta denbora aurrera joan ahala gauza berriak sartzeko asmoa dugu.

Hamar urte irratian, azkenaldi honetan telebistan gero eta gehiago... Zeintzuk dira zure planak etorkizunerako? Irratia utziko duzu?
Duela hamar urte, irratirako frogetan gauza bera galdetu zidaten, eta zera esan nuen, niri gehien gustatuko litzaidakeena irratian egunero saio bat edukitzea zela, baina, horrez gain, beste komunikabideetan ere zerbait egitea, eta horretan ari naiz. Telebistan gauzak egiteko gogoa dut, baina ez dut irratia uzteko inongo asmorik, biak tartekatuko ditut