argia.eus
INPRIMATU
LANDAREAK
MINAREN PIPERRA
  • Amerikatik ekarritako piperraren espeziekoa da pipermina. Bere eragilea kapsaizina izeneko olioa da eta piperraren haziei eusten dien barruko mami zurian kokatzen da.
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Gaur egun gezurra dirudi ere lehiara ohitu gabea naiz eta behin honetaraz gero ez al gara jarriko. Jakinaren gainean izanda ere aurreko batean mundu honetako eta Nafarroa eta Donostiako pipermin onenak ekoizten diren errio-erriberak dituen Usurbilgo hamaika baserritako piperren artean onenak zeintzuk ziren erabaki behar zuen epaimahaikide izatera deitu ninduten. Nahi gabe ere kristau kutsuadura gutxiena uste dugunean azaleratzen da eta pipermina gurtzen dudan eran gurtzen dudanez, baserritarren lanaren emaitzak aparteko majeran jaten emateko modukoa den nire minaren ahosabaiaren arabera sailkatzera bezatu nintzen. Baita gordinik eta frijituta eder askoak dastatu...
Ameriketatik ekarritakoak dira piperrak. Patata, tomatea eta alberjinia bezala Solanazeoen familiakoak dira Capsicum generoan biltzen diren ehunka piper barietateak. Capsicum frutescens espezieko barietate bat da pipermina. Kapsaizina deituriko olioa da piperminaren minaren eragilea. Olio hau piperraren haziei eusten dien barruko mami zurian dago, batez ere. Scoville deituriko unitateetan neurtzen da piperren mina, pipermorroak 0 eta havaneroak 300.000 ditu. Piper erdi bero batek 600 bat izaten ditu. Bero min edo min bero honek sustatuta gazte mordo bat ari da errioaren inguruan piperminarekin lanean. Bejondeiela