Nondik nora sortu zitzaizuen liburu honen burutapena?
EIZIEren ekimena izan da. Beraiek proposatu ziguten lan hau aurrera ateratzea, irakaskuntzan hutsune bat zegoelako literatura unibertsala euskaraz emateko garaian. Irakasleak gara biok, eta gertutik ezagutzen ditugu irakasleen kezkak. Liburuan aurkituko dute euskaraz dagoen materiala, euskarara itzulitako literatura unibertsala oro har, baldin eta testuak euskara zuzenean aurkitu baditugu. Guretzat ohore bat izan da honetan parte hartzea, benetan profesionalak direnekin lan egin ahal izan dugulako. Izan ere, aukeraketa zorrotz bat egin ondoren erabili ditugun testuen atzean, profesional oso onak daude, itzultzaile apartak.
Zein izan da zuen helburu nagusia?
Mendebaleko literatura unibertsalaren hausnarketa egitea, XVIII. mendetik hasiz gaur arte. Eskaini nahi genituen testuak irakurriz gozatzeko izan behar zuten, liburuan benetako protagonismoa irakurketak duelako. Eta irakasleengan sinisten dugunez, jakin badakigu aukeratuko dituztela beren ikasleentzako egokienak diren testuak. Ikasleen artean nobela beltzeko irakurle apasionatuak badaude, bada, mota horretako testuak nabarmendu dira bereziki...
Beraz, irakurketa sustatzea izan al da zuen xedea?
Noski. Liburu hau batxilergoa ikasten ari diren gazteei zuzenduta dago, eta gazteak izan ditugu buruan. Aipatzen diren testuak, zinearekin, artearekin, abestiekin... lotzeko ariketak eskaini ditugu ere. Liburu oso interaktiboa da, ez ohiko testu liburu bat. Askapen bat izan nahi luke.