Espainian hiru milioi pertsona inguru dira osteoporosiak jota daudenak. Gaixotasun degeneratibo horrek hezur-masa hondatu egiten du pixkanaka, eta urtean 36.000 milioi pezetako (1.440 milioi libera) kostua dakarkio sanitateari, Espainiako Osteoporosiaren eta Hezurreko Gaitz Metabolikoen Fundazioak argitaratutako datuen arabera. Aurtengo udaberrian osteoporosiaren aurkako sentsibilizazio-kanpaina bat jarri zen martxan, "Osasuna oparitu. Hezur-hausturak saihestu" lemapean.
Adinak garrantzi berezia du, baina baita sexuak ere; horrela, emakumeen arriskua hiru aldiz handiagoa da gutxi gorabehera gizonezkoena baino, osteoporosia (eta baita hezur-hausturak ere) edukitzeko, menopausia bitartean hezurren metabolismoan gertatzen diren aldaketak direla medio.
Patologia honetan adituak direnek esaten dutenez, menopausia ondorengo 15 urteetan hezur-hausturarik gehienak emakumeetan ornoetan gertatzen diren bitartean, 70 urte bete ondoren, haustura horiek hezur luzeetan gertatzen dira, femur edo izterrezurraren buruan esaterako. Dena den, adin horretatik aurrera emakumeek nahiz gizonezkoek modu bertsuan galtzen dute kaltzioa hezurretan, eta orduantxe agertzen da erorketa txikiengatik haustura larriak gertatzeko arriskua. Aldakako haustura, adibidez, guztietan larriena da, bere hilkortasuna ere oso handia delako (urtero Espainian horrelako 23.000 haustura izaten dira; horien hilkortasuna % 30ekoa da)