argia.eus
INPRIMATU
Hiruko Txikian
LORE-TOKI
Joxemari Ostolaza 2021eko uztailaren 15a
Hala deitzen genion lorez urri eta zaldiz aski horniturik futbol zelaitik parez-pare ikusten genuen zelaiari. Espainiako Armada zen jabea, eta kontatzen zigutenez sekulako pagotxa omen zuten bertan zerbitzen ziharduten soldadu bolondresek. Nahiz eta espainol armadan mando batek estimazio handiagoa izan soldaduek baino, biziki estimatua omen zen mandopeko soldadu bolondresen artean Lore- Tokiko destinoa. Añorgako Kirol Elkarteak amesten zuen zelai horrekin, bere futbol harrobia zabaltze aldera egokia atzematen zuelako hura eskuratzea. Eta hara non, horko inguruetan Arte-Tokia eratu den. Zabalaga. Julio Iglesiasen antzera -atezainak biak- kolpatze larria medio futbol profesionala utzi behar izan zuen Txillidak, bere eskulturez hornitu omen du jada soldadu bolondresik gabeko mando auzoa. Dena bere lekuan, bere aita Espainiako Armadako Teniente Coronelaren eta bere seme alaba Fundazioaren jabeen pozerako. Inaugurazioa Zabalaga adinakoa. Errege eta guzti. Historikoa. Eta ondasun horietatik txakur txikirik bilduko ez duen Hernaniko herriko ordezkaririk gabe. Zorionez. Izan ere, Hernani ez baita Paris .