argia.eus
INPRIMATU
Egileari Galdezka
"HERIOTZAREKIN ADISKIDETZEKO AHALEGINA IZAN DAITEKE"
Pilar Iparragirre 2007ko otsailaren 21a
"Agur, Euzkadi" zenbait euskal idazleri eginiko omenaldia al da?
Badago, bai, omenaldi bat liburuan, baina euskal literaturari orokorrean. Nik lehenago ez nuen fede handirik euskal literaturan. Nahiz eta idazlea izan, ba... oso idazle indibidualista nintzen, oso neurekasa idazten nuen. Euskal literatura horren barruan sartuta egongo nintzen, baina integratua sentitu gabe. Orain, berriz, urte gehiagorekin (eta "Euskaldunon Egunkaria"ko lanak ere izan du bere zerikusia horretan), euskal literaturan integratuago sentitzen naiz. Eta bai Lauaxeta, bai Lizardi, lehenago erreferentzia urrunak zirenak, gaur egun anaia zahar batzuk bezala ikusten ditut.

Ez dakit nolakoa izango zen Lauaxeta bizitzan, baina zure nobelakoa hunkigarria da...
Nik ere ez dakit garbi nolakoa izango zen. Dokumentazio gutxi dago, eta, beraz, ez dago gehiegi jakiterik. Egia esan, neuk asmatu dut Lauaxeta neurri batean... oinarri erreal batzuetatik abiatuta, noski!

Beste pertsonaia nagusia zure alter ego-a dela esan daiteke?
Ja, ja! Lasai asko, bai.

Bere heriotzarenak mikaztu dit irakurketa.
Beno, oso heriotza leun eta goxoa du, nik uste. Ez da konturatu ere egiten, gainera heriotza horretan gustoko konpainia dauka... Ez dago zerurik, baina hor dabil mendian, Lauaxetarekin batera... Beharbada horregatik asmatu dut. Nola literatura askotan kontsola bidea baino ez den, eta heriotzak erremediorik ez duen, ba... beno, heriotzarekin adiskidetzeko ahalegin bat ere izan daiteke.