argia.eus
INPRIMATU
OSASUNA
ETXEKO HAUTSA, ALERGIEN KONTRA?
  • orain arte uste zenaren kontra.
2007ko otsailaren 21a
Oraintsu arte medikuek gaixo alergikoaren logela, adibidez, sakonean garbitzea gomendatzen zuten alergiaren kontrako neurririk onenetakoa bezala. Baina bitxia badirudi ere, "The Lancet" aldizkari ospetsuak bere azkeneko alean plazaratu duen ikerketa batek dioenez, etxeko hautsaren osagai batzuen aurreko esposizioak babestu egin ditzake haurrak etorkizunean eduki ditzaketen krisi alergikoen kontra.
Colorado (EEBBetako) Denver-eko Zentro Nazionaleko Jose Gereda eta Andrew Liu zientzialariek zera aztertu dute: ea ingurugiroko endotoxinaren esposizio goiztiarrak (eta toxina hori presente dago bakterio askoren zeluletako paretetan) immunitatea estimula dezakeen ala ez, asma jasateko arrisku altua duten umeetan alergiaren kontrako babesa emanez bide batez.
Asmo edo helburu horrekin, endotoxina-kontzentrazioak neurtu zituzten 9-24 hilabete bitarteko 61 umeren etxeetako hauts-laginetan, izanik haur horiek lehendik ere hiru aldiz asma-moduko krisiak jasandakoak. Eta zera ikusi zen ikerketa horretan, zenbat eta endotoxina gehiago egon beren etxeetan, orduan eta globulu zurien proportzio handiagoa, orduan eta interferoi gehiago eta beraz, ume alergiko gutxiago. Dirudienez endotoxinaren efektu babesleak azalduko luke zergatik dauden alergia gutxiago landa-zonetan eta baita animaliekin kontaktuan bizi diren umeetan, herrialde industrializatuetan eta hiri handietan bizi diren haurretan baino.