Uztarria kultur koordinakundeak 1998ko martxoan eman zituen lehen pausoak. Azpeitian euskararen inguruan lan egiten zuten taldeen arteko deskoordinazioarekin amaitzea zuen helburu, eta bide batez, euskara eta euskal kulturaren sustapen lanetan aurrerapauso batzuk ematea gura zuen.
Sortu aurretik, kulturarekin lotura estua duten Azpeitiko 21 taldek (AEK eta Euskal Herrian Euskarazek adibidez) eta lau pertsona ezagunek euren atxikimendua eman zioten Uztarriari. Sebastian Lizaso bertsolaria, Jose Luis Otamendi eta Xabier Aldai idazleak eta Laxaro Azkune kazetaria izan ziren proiektu hau errealitate egin zuten eztabaidetan parte hartu zutenak.
1998az geroztik, ekimen ugari eraman ditu aurrera Uztarriak, beti ere hiru helburu nagusiri erantzunez. Helburu hauek kultur koordinakundeak bere sorreran finkaturiko hiru zutabeekin dute harremana: komunikazioarena batetik, euskararena bestetik eta kultur etxearena hirugarrenik.
"UZTARRIA", LEHEN HERRI ALDIZKARIA
Uztarriaren hiru zutabe nagusietako bat komunikazioarena dela esan dugu. Izan ere, kultur koordinakunde honetako kideek hutsune garrantzitsu bat ikusi zuten lehen urratsak ematen hasi zirenean. Azpeitian ez zegoen herri aldizkaririk. Beraz, talde eragile batek lanari ekin eta 1999ko azaroan "Uztarria" izeneko hilabetekari bat sortu zuen. Lehen hiru hilabeteetan herriko etxe guztiek dohainik jaso zuten "Uztarria". Egun, harpidedun ugari eta 400 bazkide ditu aldizkariak.
Dirua lortzeko asmoz, Uztarriak hainbat kultur ekitaldi antolatu zuen sortu aurretik, Benito Lertxundi eta Ruper Ordorikaren kontzertuak esaterako, eta oraindik ere hala egiten jarraitzen du. Aurrera begira ere baditu zenbait proiektu. Horiek urriaren 10ean egingo duen Lehen Batzar Nagusian jorratuko ditu Uztarriak.
EUSKARA PATRONATUA ETA TEKNIKARIA
Uztarriak komunikazioaren arloan hutsuneak topatu bazituen, gauza bera gertatu zen euskararen inguruan. Duela bi urte Azpeitian ez zegoen ez Euskara Patronaturik ezta euskara teknikaririk ere. Gabezi hau konpontzeko lanean hasi zen kultur koordinakundea, eta egun biak daude herrian.