Euskadi Irratiak gogo handiz ekin dio denboraldi berriari, Odile Kruzeta zuzendariak azaldu digun bezala, hainbat direlako aurtengo berrikuntzak.
Hasteko, 18 urtetan sintonia bera erabili ostean, aurten irratiaren "irudia"ri igurtzi bat emateko erabakia hartu dute: "EITBren irudia aldatu ostean guretzat ere une egokia dela pentsatu dugu; horrela, Lau Behi taldeko Mikel Azpirozengana jo eta honek aurreko sintoniaren eboluzioa, baina, aldi berean, sustraia dena aurkeztu digu, garai berriei egokitua; asmatu egin dugula uste dut".
Pello Zabala ere irratira itzuli da eguraldiaren berri ematera. Urtebete Arantzazuko Monastegiaren 500. urteurrena prestatzen ibili ostean, gure eguraldi-gizonik ospetsuena itzulera partzialean da, "Klasikoak gaur" saioa ez duelako inoiz utzi.
Pellok, entzule guztiek bezala, goizetan irratinobela batekin egingo du topo, J.M. Irigoienen "Babilonia" eleberrian oinarritutako saioan hain zuzen. "Goizean Behin" saioaren barnean, 11:30etatik 12:00etara eta Gabonak bitartean, 7-10 minutuko 60 ataletan Babilonia baserriko Zipriano (Candido Uranga ahotsean) eta Crispido (Pello Artetxe) bikien arteko lehia eta borrokak bizi izango ditugu; narratzaile Zorion Egilea eta musika jartzaile Pascal Gaine izango dira.
"Goizean Behin" ordubete lehenago hasiko da eta ohiko koraboratzaileen iritziei, besteak beste Andoni Egaña eta Joxerra Gartziarenak gehituko zaizkie; blues musikak ere bere txokoa izango du..
Azkenik, hilean behin emakumeen arteko tertulia politikoa entzuteko izango da, momentuz lau partehartzaile hauekin: Josune Ariztondo (EAJ), Jone Goirizelaia (EH), Gemma Artola (PSE) eta Nekane Alzelai (EA). Debatea ostiraletan izango da, gaueko 8:45-9:30 artean.