argia.eus
INPRIMATU
OSASUNA
TEA MINBIZIAREN KONTRA
  • Te berdeak tumore kantzerigenoen garapena prebenitzen duela diote zenbait ikerketek. Honek duen EGKG substantziak eragin hori du gizakiarengan ondorio toxikorik sortu gabe.
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a
Egunean te berdea hartzea -bi katilukada- bezalako gauza erraz batek tumore kantzerigenoen garapena prebenitzen lagunduko luke, Ipar Amerikako ikerketa zientifiko batzuek diotenez, eta aurreraxeago joz gero, tratamendu bezala ere erabili daiteke. Horrela, 1997. urtean, Ohio-ko Medikuntza Fakultateko ikertzaile-talde batek horixe zioen "Nature" aldizkarian argitaratua izan zen lan zabal batean. Zientzialariek frogatu zuten te berdearen osagai bat gai dela urokinasaren aktibitatea inhibitzeko -eta entzima hori da tumore kantzerigenoen erreprodukzioan parte hartzen dutenetako bat-.
Kontua nahiko sinplea da, lehen begirada batean dirudienez. Te berdea oxidazio-maila baxuko barietatea denez -hartzidura edo fermentazioa produkzio-prozesuaren erdibidean geratzen da eta-, bere konposizioan katekina izeneko osagai batzuk gordetzen ditu. Eta katekina horietako baten eraginkortasun antikantzerosoa nahiko frogatua omen dago esperimentuetan. Epigalokatekina galatoa (EGKG) izeneko substantzia horren abantaila nagusia -te berdearen katilukada batean 120 mg EGKG daude- giza gorputzarentzat inolako eragin toxikorik ez edukitzea da, urokinasaren beste inhibitzaile batzuekin gertatzen denaren alderantzizkoa.
Oraindik ere bide luzea dagoen arren infusio horrek prebentziorako -eta zer esanik ez sendaketarako- duen indarra zehazteko, dirudienez te berdea edatea osasuna edatea da.