argia.eus
INPRIMATU
"Pasion Por El Cine"
PASIOZ BETETAKO ARTEA
2000ko irailaren 24a
Irratiaren mundutik datorrela agerian jartzen duen ahots horrekin, Felix Linaresek arrakasta handia lortu du "La noche de..." zinema-saioa aurkezten, batzuetan bere aurkezpen-saioa ondorengo filmak baino entzule gehiago lortzen dituela.
Hala ere, nonbait programa hau motz geratu eta apustu berri bati ekin dio, hau ere zinemaren inguruko asteroko saio baten itxurakoa.
Saio berriak "Pasión por el Cine" du izena eta urriaren 7tik aurrera ETB-2an izango dugu ikusgai, larunbatero 14:30etan.
Saioak zineari buruzko egunero gertatzen direnen berri emango digu, albisteak, estreinaldiak eta abar, eta Iñaki Pangua zuzendariaren esanetan: "Helburua Euskal Herrian burutuko diren zinema-estreinaldi guztien berri zabala ematea da, filmaketei buruzko erreportajeak, izarrekin elkarrizketak...". Horiez gain, mundu osoko errodajea eta filmen gaineko albisteek zein izarren bizitzazko zurrumurru eta istorioek ere beraien lekua izango dute programa berrian.
Jendeak zine-aretoak soilik gustuko ez dituenez, Felix Linaresek Euskal Telebistan eskainiko dituzten filmen errepasoa ere egingo du.
Beste alde batetik, programako arduradunek ikusleek parte har dezatela nahi dute eta horrenbestez, hauek estreinatzen diren filmei buruzko iritzia eman eta pantailari begira ikusten dituzten akatsen berri ematera animatzen dituzte.
Gainera, "Pasion por el Cine"k zenbait lehiaketa martxan jarriko ditu, saioan egingo diren galderei erantzunez gurutzegramak osatzea kasu, edota aktore baten gorputz-zatiak erakutsirik nor den asmatzea. Irabazleentzat zine-sarrerak eta bideo sortak izango dira.
Saioak aurkezten dituen ataletan zinema eta bere izarrei buruzko informazio dibertigarri eta ironikoa izango da nagusi, Pangua zuzendariak adierazi moduan.
Atal horietako bat, adibidez, "Photomaton" deiturikoa izanen da, non minutu bakarrean izarrek beren bizitza profesionalean aurkeztu dizkiguten pertsonaiei errepasoa egingo baitzaie.
"Taquillazos" deritzonean, berriz, Euskal Herrian zein mundu zabalean diru gehien poltsikoratzen duten filmeen zerrenda egingo da.
Azkenik, Zazpigarren Artea sakondu asmoz, Felix Linares zineman erabiltzen den hiztegi bereziaren hainbat hitz eta esamolde azaltzen saiatuko da. Zinemazale direnek, sekuentzien planoa edota travellinga zer diren ikasi ahal izango dute, esate baterako. Beraz, euskal zinemazaleentzako bereziki gomendutako saioa.