Zein da nobela hau hainbat aldiz euskaraz argitaratu izanaren arrazoia?"Arrotza"k betidanik erakarri gaitu euskaldunok, gure herrian askotan arrotzak sentitu izan garela gogora dakarkigulako edo. Hala ere, Camus ez zen euskalduna. Beraz, garbi dago arrotz sentimendua ez dela soil-soilik euskaldunon patuaren zatia.
Ezagutzen al duzu sentimendu hori zehazteko erarik?Behar bada, arrotz sentitzeko bi modu daude. Alde batetik, sentimendu fisikoa dago, eta bestetik, sentimendu animiko, izpiritual edo psikikoa.
Aberriak eragindakoa izango litzateke lehena, eta gainerako faktoreek eragindakoa, sentimendu animikoa. Camus-en kasuan, esango nuke bi sentimendu horiek bat egin zutela. Garai hartan, Aljeria Frantziako kolonia zen. Eta bertan bizi eta jaiotzen ziren frantsesei Europatik eta Parisetik hain urrun bizi izateak zer-nolako arrotz sentimenduak eragingo zizkien igartzea ez dut uste batere zaila denik. Eta beste aldetik, hau da, jatorrizko aljeriarren aldetik, "pied noir" eta horrelako hitz esanguratsuak zituzten Aljeriako frantsesei deitzeko...
Horren isla al da, zuretzat, "Arrotza" nobela?Beno, ezin dezakegu ahaztu bigarren mundu gerra anker haren eragina, hala nola, Sartreren ideia/jarrera eta existentzialismoa zirela-eta, gizabanakoak halako absurdu, halako arrotz sentimendu bati erreparatu ziola... Eta nire ustez, hain zuzen, hortxe dauzkagu nobelaren hiru klabe nagusiak: kolonialismoan, II. Mundu Gerran eta pentsamenduan.