argia.eus
INPRIMATU
Euskalduntzea
AUTOIKASKUNTZA, EUSKALTEGIEN ERRONKA BERRIA
  • Euskalduntze eta alfabetatzeak bide berri bati ekin dio. Orain arteko irakaskuntza tradizionalaren alboan, autoikaskuntza metodoak hazten ari dira, aukera zabalago bat eskaintzearren. Ordutegi malgutasuna eskaintzen du eta norberak ezartzen du ikasketen erritmoa.
Katixa Garate 2000ko irailaren 17a
Teknologia berriek geroz eta garrantzia gehiago dute egungo bizitzan, eta horrexegatik, euskalduntzean aritzen diren zentroek ez diete uko egin. Horrenbestez, autoikaskuntza gelak paratzen hasi dira Hego Euskal Herriko euskaltegietan, garai berrietara egokitu eta eskaintza oparoagoa erdiesteko asmoz. Helburua ez da irakaskuntza tradizionala ordezkatzea, eskaintza zabaldu eta osotzea baizik.
Zer da, baina, autoikaskuntza? Eguneroko jarduneko oztopoak gaindituz, bakoitzaren ezaugarrietara egokitzen den metodoa dugu. Ikasleak ez du ordutegi arazorik, autoikaskuntza gelek ordutegi zabala dutenez (eguerdietan zabalik daude) bere lan ordutegira edo nahi duen erara antola baitezake denbora. Ikasle bakoitzak bere erritmoan aritzea edo lantokitik bertatik ikastea ahalbidetzen du. Irakaslearen presentzia fisikorik gabe ikastea da, klasetik kanpo eta irakaslearen kontrol zuzenik gabe. Autoikaskuntzak software bat du oinarrian, kasu honetan Hezinet deritzo euskaltegiak darabiltenari. Hezinet programa Aurten Bai Fundazioak garatu zuen 1997an, eta hurrengo urtean jarri zuen martxan Zornotzan kudeatzen duen barnetegian. HABEk Hezinet programa erosi dio aipatu fundazioari, euskaltegi sareetan zabaldua izan dadin. Halaber, euskaltegietako ikasle-irakasleek aukera dute orain Habenet sarea erabiltzeko. Berau Internet eta Intranet bidez erabil daiteke, horrek komunikazio aukerak zabaltzen ditu bai ikasle-irakasle artean, bai euskaltegien artean. Era berean, Habenetek prestakuntzarako informazio iturrien ugaltzea dakar. Gainera, chat bat ipintzeko asmoa dute, ikasleen arteko harremana errazteko.

BI ALDAERA. Autoikaskuntza metodoa era ezberdinetan uler daiteke, eta, horri jarraiki, euskaltegiek aukera ezberdinak eskaintzen dituzte. Batetik, autoikaskuntza purua legoke. Ikasleak ordenagailuko programaren bidez lan egiten du eta tutore batek zeregin horretan laguntzen du. Bestalde, mintzamena lantzeko, aholkulariaren bitartez beste ikaslagunekin biltzen da ikaslea. Horrezaz gain, euskaltegi gehienetan ikasleak ariketa bildumak, entzumena lantzeko materiala eta irakurketa materiala eskura dezake, hizkuntzaz hobe jabetzeko. Autoikaskuntza mota hau Durango, Santurtzi eta Zornotzako Udal Euskaltegiek eta ABEGI euskaltegiek eskaintzen dute. Zornotzako Udal Euskaltegian gustura daude metodo horrek izan dituen emaitzekin. Iazko urtarrilean jarri zuten martxan autoikaskuntza gela EGA azterketa prestatzen ari ziren 12 ikaslerekin. Horietatik hamar aurkeztu ziren azterketara eta lauk gainditu zuten, %40ak beraz. Autoikaskuntza puru honek baditu beste bi aldaera: Internet bidezkoa eta telefono bidezkoa. Santurtziko Udal Euskaltegian autoikaskuntza Internet bidez egiteko aukera ematen du. Funtsean, sistema bera da. Ikasleak materiala sarean eskura dezake eta aholkulariarekin e-postaz komunikatzen da. Memento honetan 20 bat ikaslek dihardute Santurtzin euskara ikasten Internet euskarri dutela. Beste sistema berria telefono bidezkoa da eta ABEGI euskaltegiek jarri dute martxan. Ikasleak eta irakasleak ez dute zertan espazio berean egon. Hilabete bateko plangintza egiten da eta irakasleak eta ikasleak ordu jakin batean hitz egingo dutela adosten dute. Ikasleak ordurako lan batzuk egin behar ditu, eta, ondoren, azalpenak, ariketak eta zuzenketak idatziz bidaltzen dizkiote elkarri faxez edo e-postaz.
Bestetik, ohiko irakaskuntzaren osagarri den autoikaskuntza legoke. Klaseetara doazen ikasleak astean behin edo bitan autoikaskuntza gelara joaten dira irakaslearekin. Bestalde, klase orduez kanpo gela erabil dezakete ikasprozesua indartu nahi duten ikasleek, ikus-entzuneko eta bestelako materiala erabiltzen duten lez. Euskaltegi ugarik osatzen dituzte eskolak autoikaskuntza orduekin. Besteak beste, AEK-ko Bilboko Indautxu, Gasteizko Arana, Donostiako Irrintzi, Iruñeko Iruñezar eta Amurrioko euskaltegiek, Deustuko Irakasle Eskolako euskaltegiak eta Errenteriako Udal Euskaltegiak.

BESTELAKO ZENTROAK. Bai & by eta Bla Bla & Company hizkuntzak irakasteko zentroak dira eta euren eskaintzan euskara barneratzen dute. Bai &by dugu aitzindarietakoa euskarazko autoikaskuntza metodoen alorrean. Izan ere, hizkuntza eskola horrek sei zentrotan 1998tik ikasleek era pertsonalizatuan ikas dezaten, multimedia metodoa eskaintzen du. Bai & by-k autoikaskuntza metodo berezkoa du, CIM-ek (Centro de Idiomas Mondragon) eta Didaktiker enpresak egina. Metodo horrek aukera ematen du hizkuntza lantoki edo etxe bertatik, mugitzeko beharrik gabe, ikasteko. Bla Bla & Company-k, aldiz, Hezinet programa erabiltzen du autoikaskuntza ikastaroetan. Hizkuntza zentro horrek martxoan ekin zion Hegoaldeko lau hiriburutan euskarazko autoikaskuntza eskaintzeari. Aipatu bi zentroetan ikasleek tutoreak dituzte euren ikasketen jarraipena egiteko, eta, besteak beste, mintzamena lantzeko.