argia.eus
INPRIMATU
LANDAREAK
AMAITU EZ DEN BIDAIA
  • Ipar Amerikatik ontzietako lasta lur artean etorri ziren "Oenothera biennis" haziak. Metrora iristen ez den landare hau kosmetikoak egiteko erabiltzen da gaur egun.
Jakoba Errekondo 2021eko uztailaren 28a
Biziraupenak batik bat, baina baita munduak ezagutzeko grinak ere istorio harrigarriak eman dituzte. Ipar Amerikatik aspaldi etorritako Oenothera biennis, gaztelaniaz "onagra" eta frantzesez "onagraire" eta "herbe à l'âne" deitzen den landare hau, asko jota, metro betekoa hazten da eta erleak zoratzen dituen lore beilegi usaintsu deigarriak ilunabarrean zabaltzen ditu. 1614an Paduako Botanikotik Europara sartu zela diote. Nolanahi ere aurretik etorria izango zen; kotoia ekartzen zuten ontziak orekatzeko kargatzen zuten lasta lurra zen eta han zetozen haziak. Turista gehienen eran itsasertza bisitatu zuen hasieran. Toki epel eta lur harroen zale izaki errio eta ibai ertzak ezagutu zituen, gero kontinente barrurantz sartuz. Egun, garaiko turisten gisan, autopista-ertzak erabiltzen ditu lur berriak ezagutu aitzakian kolonizatzeko. Turistaren kolonizatzaile punttua... Kolonoari bezala turistari, ordea, laster hartzen zaio tamaina. Ojibwe indioek elikatzeko, sendatzeko... erabiltzen zutenaren berria ere etorri zen: kaskako, pusla, zorne-zorro eta ubelduentzako kataplasmak, larruazala eguzkitatik babesteko ukendua, zakureztula baretzeko sustraiak egosita... XX. mendean bere hazien olioak duen gamma-linoleiko azido bereziaren sendatzeko gaitasunari gehiago erreparatzen zaio: hilekoaren mina, menopausia, hipertentsioa, gizentasuna, alkoholismoa eta batez ere begi, ile, azkazal eta azalerako. Europa ugazaba honetan kosmetikaren pagotxak harrapatu turista, alajaina!