argia.eus
INPRIMATU
Hala Bedi Irratia
ALDAKETA ONERAKO IZAN BEDI
  • Gasteizko irrati libre hau azkenaldian erreformetan sartuta dabil, bere egitura zeharo aldatzen ari den berrikuntzetan alegia, programazioan hasi eta ireki duten tabernan amaituz.
2000ko irailaren 17a
Gasteizko Aiztogile kalean dagoen irrati hau berrikuntzetan zeharo sartua ikus dezakegu, batez ere baliabide teknikoei dagokienez, baina bestelakoak, diru iturriak izan daitezkeenak esaterako, ahaztu gabe.
Horrela, teknikari begira eta orain dela urte batzuk hartutako erabakiari jarraikiz, hots, kalitatezko emisioa ahalbidetuko lukeen sistema informatiko propioa garatzea, azken hilabeteotan aurrerapen handiak egin dituzte. Egun, zuzeneko emisioetarako zein musika ordu eta errepikapenetarako (ekoizpena bera ahaztu gabe) sistema automatikoaz baliatzen dira.
Sistema informatiko honetan beren webguneak garrantzi handia hartzen du. Orain, izan badute (www.halabedi.org) baina beraien asmoa web orrialdea zeharo aldatu eta mamitzea da, irrati eta irratsaio bakoitzari buruzko berriak zabalduz, beste irrati libreekiko loturak jarriz eta irratia bera entzuteko aukera emanez.
Irratsaioei beraiei so, aldiz, parrilla egoki eta mamitsu batean lanean jarraitzen dute, eta Aitziber Perez de Karkamo-k adierazi bezala, gero eta gehiago dira bertan parte hartzen duten kolektiboak. Esaterako, orain gaueko 00:00ak eta 2:00ak bitarteko magazin bat prestatzen ari dira. Asmoa irratia ahalik eta jende gehienarengana iristea denez, horretan ere bidea egiten ari dira, egun jadanik beren hedapena ia Araba osora heltzen baita, duela hiru hilabete Arabako Errioxan errepikagailua jarri eta gero.
Azkenik, eta diru iturriei dagokienez, Hala Bedi-k duela bi hilabete taberna zabaldu du Alde Zaharrean, bere bazkide (200 inguru) zein entzuleen biltoki eta hainbat ekintza-gune izan nahi duena .