argia.eus
INPRIMATU
Manu Etxeberria
"ZARAUZKO BANDERA DA NAGUSIENA KONTXAKOA ETA GERO"
2000ko irailaren 10
Nola sortu zitzaizun "Zarauzko estropadak" idazteko ideia?
Beno, niretzat Zarauzko Bandera inportanteena da, garrantzi gehien duena, Kontxako estropaden ondoren. Zarauzko estropadak 25 urte betetzeak nahikoa arrazoi funtsezkoa iruditu zitzaidan horrelako liburu bat argitaratzeko.
Zarauzko udalekoTurismo bulegoak bideratu du dena, eta Elkarlanean argitaletxea izan da liburuaren argitalpena aurrera eraman duena. Hau idaztea noiz bururatu zitzaidan? Iaz, Zarauzko estropadetan. Bat-batean aurtengoa estropada horien 25. urteurrena zela ohartu nintzen... nahiz eta egiaz 23. edizioa izan.

Zer gertatu zen bi urte horietan, Zarauzko Bandera ez ospatzeko?
Bada, batetik, Federazio kontu bat, fitxa batzuk zirela eta Oriori egin zitzaion boikota; bestean, berriz, Euskadiko txapelketa ospatu zen Zarautzen eta Ikurrina ez zen jokatu.
Dena den, nik garrantzia 25 urte horiei eman diet. Imanol Muruak idatzi du liburuaren hitzaurrea, 1976an, aurreneko edizioa antolatzen ibilia zen-eta. Nolako gorabeherak izan zituzten kontatzen du, traba franko izan baitzuten.

Nondik jaso duzu liburua idazteko materiala?
Aspalditik nago arrauneko kontuetan sartua, eta noski, arraunlari eta entrenatzaile asko ezagutzen dut. Lan hauek egiteko, elkarrizketa pila egin dut. Hemerotekan ere dokumentatu naiz. Eta gainera, Baionara, Donostiara, Oriora, Pasaira, Santurtzira eta beste hainbat lekutara ere joan behar izan dut.