argia.eus
INPRIMATU
TXANPONA
MIARRITZE-EUROPA
Daniel Udalaitz 2007ko otsailaren 21a
Miarritze bilera europar garrantzitsuen jokaleku izaten ari da. Bertan hiritar europarren etorkizunerako erabaki garrantzitsuak hartuko dira. Aste honetan, irailaren 5ean, Europako Batasuneko nekazaritza ministroak bildu dira. Bilera gehiago egingo dira. Denetan garrantzitsuena, erabakiak ofizialki hartuko direlako, urriaren erdialdean egingo den Europar Gailurra da. Bizitza eta politikaren paradoxak direla-eta, Euskal Herria ez da izango gailur horretan, oraindino ez duelako subiranotasuna eskuratu.
Nekazaritza ministroen presentziak euskal eta europar nekazaritza sindikatuen manifestazioa eragin du. Politika komunitarioaren aldaketa sakona aldarrikatu dute, eta kalitatezko elikadura lortzeko lanpostuak eta ingurumena babestu behar dela gogorarazi dute. Horretarako, nekazaritza sektoretako multinazionalen presioei uko egin behar zaie, eta diru laguntza politika aldatu, ustiapen txiki eta ertainei lehentasuna emanez eta ez haiek desagertarazten ari direnei. Zer espero dezakegu, baina, mutinazionalen zerbitzura dauden gobernuetatik?