KUKUAK KUKU, USOAK ELEFANTEEKIN AMETS

  • "Usoa" euskarazko film laburra zuzendu du Maria Zamakola donostiarrak. Patxi Zubizarretaren izen bereko ipuinean oinarritua, afrikar neska baten bizipenak ditu kontagai. Muntaia amaitu berri dutela, Donostiako Zinemaldirako prest egotea espero dute.

2000ko irailaren 10an
Beti esan ohi da ume bat protagonista duten filmek ikusleen bihotza samurtzen dutela. Hunkiberak izatean arrakasta erdi lortua dutela, alegia. "Usoa"ko protagonistak ere bi neskatila dira: jatorriz kamerundarra den Leticia Moth eta Irati Iziar, biak 8 urtekoak eta lagun minak Lasarte-Oriako Landaberri ikastolan, casting-a egiterakoan, bi neskak lagunak izatea hobetsi zuten-eta. Azkenaldian gainera, tankera horretako filmak saritzen ari dira film laburren jaialdietan. Esaterako, Madrilgo SGAEk antolatu lehiaketan ume ameslari bat gidari zuen J.A. Bayonaren "Mis vacaciones"ek hirugarren saria eskuratu zuen eta Silvia Munten "Laia"k aldiz, publikoaren saria. Azken labur honek Saharatar neska baten gazi-gozoak kontagai dituen bitartean, bestelakoa dugu "Usoa"ren haria. Nolanahi ere, "zer" kontatzen den baino, "nola" egiten den horretan dago koska.
Patxi Zubizarretaren "Usoa, hegan etorritako neskatoa"k, Afrikako gerra giroan bizi den familia baten estualdia du abiapuntu. Gurasoek, alaba handik lehenbailehen atera dadin, elefante letagin bat salduko dute. Euskal Herrian dagoela, Usoak, gertatu dena ezin ulertuz, bere sorlekua hartuko du gogoan. Sinesmenak eragin handia izango du bere pentsamoldean, irakasleak kukuaren makurreriak azaltzean hasiko baita neskatilaren kezka. Hara irakasleak eskolumeei kontatzen diena: kukua udaberrian Afrikatik Euskal Herrira datorrenerako sakelean dirua eduki behar dela urtea emankorra izan dadin. Aldi berean, kukuak ospe txarra dauka, bere arrautzak beste hegaztien habietan uzten dituelako.
Hori entzunda, bere amarekin oroituko da, gerratik ihesean hegazkina hartuarazi zionekoa kukuaren jokamoldearekin lotuz. Halaxe, hemengo amak (Olatz Beobide) benetako amaren gutuna irakurtzen diolarik, lasaituko da neskatxa. Hori da nagusiki laburrak aditzera eman nahi duena. "Hemen bizi den arren, ez ditu bere erroak galdu. Irakurketa bat baino gehiago dauka gainera, alegia, ezin dela iritzirik eman, beti dagoelako arrazoi bat modu batera edo bestera jokatzera bultzatzen zaituena".
Isabel Salinas lagunak esan zion Maria Zamakola zuzendariari ipuinak halako zirrara sortu ziola eta polita litzatekeela labur bat egitea. "'Usoa' irakurri ahala animatu nintzen". Lanari lotuta beraz, Maria Zamakolak eta Isabel Salinasek egokitu dute ipuina, beti ere Zubizarretaren oniritziarekin. Hain zuzen, ipuinean ageri ez diren elementuak erantsi dituzte, "adibidez, aita eta anaia sartu ditugu. Baita ipuinaren erritmo pausatua bizkortu ere, muina bere horretan mantenduz baina. Horregatik, 12-13 minututan zehar offeko ahotsa eta elkarrizketak tartekatzen badira ere, nesken keinu bakoitzak, ñabardura bakoitzak, esanahi berezia du" diosku Maria Zamakolak. Horren indargarri izango da Pello Irizarren musika.
Lehen aldia da Zubizarretaren ipuin bat zinemaratzen dena. Aurretik ahalegin bat egina zuen ordiziarrak "Jentzi" ipuina Montxo Armendariz zuzendariari bidali zionean. Montxoren interesa piztu bazuen ere, azkenean ezerezean geratu zen, kontakizuna Himalayan kokatua egoteak ekoizpena oztopatzen zuelako. Zamakolak aldiz, New Yorkeko Columbia Unibertsitatean egin zituen zinema ikasketak eta, duela bi urte, "Itara" izeneko laburra egin zuen Madrilen.
Eusko Jaurlaritza eta Madrilgo Kultur Ministeritzaren dirulaguntzari esker ekoiztu ahal izan du laburra La Semilla ekoiztetxeak. Azkenean, 3 milioi pezetako (120.000 libera) aurrekontua dutela, 35 milimetrotan kamera hartu eta bost egunetan filmatu dute Durangaldeko txoko ezberdinetan.
Aurrekontu arazoak direla eta, bikoizketarik egingo ez duten arren, gazteleraz azpidatzita emango da. "Unicefen laguntzaren zain gaude, baina etortzekotan, filma estreinatu ondoren izango da". Donostiako Zinemaldian estreinatu ondoren "Europa osoko jaialdi ezberdinetan aurkeztuko dugu lehian"


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude