argia.eus
INPRIMATU
GARAJEA
Jose Ignazio Ansorena 2000ko irailaren 10
Automobila gordetzeko dudan garajea, hasierako urteetan nonbait, osorik jabe bakar batena zen. Honek aparkatzeko eskubidea alokatu egiten zuen eta bera eta hainbat langileren artean egunez eta gauez gobernatzen zuten. Batek, berea han uztean, langileari esaten zion noiz beharko zuen eta, luzarorako kontua bazen, langileak txoko batean jarriko zuen, aurretik beste zazpi automobilek irteera oztopatuko ziotela. Aldiz, halako orduan atera behar zuela esanez gero, puntuan izango zuen garaje irteeran abiatzeko prest.
Nagusia erretiratu zenean, erabiltzaileei eskaini zien erosteko aukera. Eta hauek onartu. Erosketa merkeago atera zedin ez dakit zein kalkulu egin zuten, baina hauxe da gaur eguneko egoera: berrogeita hemeretzi jabe komunitario gara, nahiz eta automobilak txukun aparkatzeko berrogeita bost bat leku eskas besterik ez dagoen. Berrogeita bost leku horiek, beste aldetik, ez dira edonolakoak. Askotxo oso txikiak eta automobil laburrak besterik ezin dira han utzi. Eta beste hainbatetan, traba egiten zaio lehenago ondoan utzitako beste automobilari. Beraz, azken automobil honen bila datorrenak bestea lekuz aldatu behar du berea atera ahal izateko. Saltsa polita.
Nola moldatzen gara horrelako potaje batean? Zerbait pentsatu zuten gure aurrekoek eta kalkulua ez da guztiz txarra. Aurreneko bi kontzeptuak ederki ekarriak daude. Bat: inor ez da leku zehatz baten jabe. Garaje osoa denona da eta estatutuak jartzen dituzten arauak errespetatuta daukagu erabiltzeko eskubidea. Bi: nork bere automobilaren berri eman behar dio Zuzendaritza Batzordeari eta, honek, estatutuak horri buruz (neurriak eta abar) diotena betetzen dela ikusten badu, baimendu egiten du garajearen erabilera. Hortik aurrera, erabiltzeko eskubidea izaten da, baina automobil horrekin ez bestelakorekin. Beraz, garajera iritsi eta libre dagoen lekuan aparkatu behar da. Eta onartuta dagoen automobila, ez besterik.
Aprobetxamendu onaren aldetik, gure garajeko batzuk auzokoak dira eta beste batzuk, aldiz, kanpokoak, baina hona lanera etortzen dira, edo asteburua igarotzera. Batzuk egunez eta beste batzuk gauez erabiltzen dute gehienetan. Gainera, beti daude batzuk kanpoan, oporretan edo auskalo non. Bestetik, langile bat ere badago ordurik txarrenetarako: goizekoak eta iluntze aldekoak. Honek orden pixka bat jartzen du eta bakoitzaren ohiturak ezagutzen dituenez, gehienetan automobila behar denean hantxe egoki jarrita uzten dizu.
Beste arazoa: automobila zabalik eta giltzak jarrita utzi behar da, inork mugitu behar badu berea ateratzeko, egin ahal izan dezan. Hau da behintzat estatutuek diotenez. Automobila zabalik uzte horrek askori ezinegona ekartzen zienez (ezin duzue imajinatu ere egin zenbatek maite duten automobila familia baino gehiago), orain urte gutxi, Batzar batean estatutuen kontrako erabaki bat hartu zen: automobilak beste bati trabarik egiten ez bazion, itxita utz zitekeen.
Zer da, ordea, trabarik ez egitea? Batzuk hiru automobilentzako lekua guztiz hutsik dagoenean berea aparkatzen dute bidea itxiz eta bi leku kondenatuz. Beste inork han utzi ez duenez, trabarik egiten ez dutela interpretatzen dute eta automobila itxita uzten. Batek hirurena bete.
Hau ere polita da. Automobilaren maitaleak (erretiratuak gehienak eta hilabetean behin edo hipermerkatura joateko erabiltzen dutenak) nonbaitetik etortzen direnean eta beren gustuko lekurik aurkitu ez badute, bueltaka hasiko dira garajean gustuko duten toki bat hutsik geratu arte. Hori gertatzean han jarriko dute automobila eta itxi, nahiz eta berriro hilabete osoan ez duten berriro mugituko. Noski, beren gustuko leku horiek sarrera-irteeretarako onenak dira eta normalean gora eta behera ibiltzen diren automobilentzat beharko lukete, ez hilabete osoz aparkatuta gelditzen direnentzat.
Honez gero, gehienak (alegia pazientzia izan duzuen hiruzpalau lagunak) galduta egongo zarete, nahiz eta oso gutxi kontatu dizuedan. Fellini zinema zuzendariak egin zuen film hura, "Orkestra entsegua", gogoan al duzue? Orkestra baten gorabeheretan oinarrituta gure munduaren alegoria bat zen. Oso egokia zen. Batez ere kontuan hartuta ez zuela gure garajea ezagutzen