argia.eus
INPRIMATU
LANDAREAK
BARATZA
  • Oraingo lorategiak begiaren gozamenerako prestatzen dira, baina garai batean baserri inguruko baratzak edo kortak ziren "lorategi", erabileraren zutenak, alegia.
Jakoba Errekondo 2000ko irailaren 10
Lorategi perfektoegiez purrustaka aritu nintzaizun aurreko astean eta gustukoak zeintzuk ditudan ere azaldu beharko... Landare eta animalien etxeratzea eta gure ustez bezatze eta otzantzea aspaldiko neolitikokoa omen. Benetako premiak lotuko zituen, garai hartan, gizakiak eta naturak. Ekoizpenak zeuden lurretan bizitzera ere behartuko zituen lotura honek. Etxearen inguruan izango ziren baratza eta kortak eta hauetxek ziren "lorategi". Etxea hitzak duen egitura zentzuan lorategi hau etxea bera zen, hobeto esanda. Hau hizkuntzek ere jaso dute eta herri askok lorategia eta baratza hitz batez adierazten dute. Gerora, ugazaben denbora alferrik galtzea estetika hutsera bideratzen denean, sortzen dira baratza estetikoak edo egun ezagutzen ditugun lorategiak. Ez elikadurarako, ez osasunerako, ezta pituitarien gozamenerako ere, begien zorabiorako soilik eta, zekenagoa dena, ur gaineko bitsaren mailaren igoaz boterearen haizearen indarra azaltzeko eraiki izan dira lorategiak. Ugazaben mito hutsalak.
Orain galtzen ari bada ere baserrietan eduki ditugu lehengo lorategi haiek: estopa, ezpartzu eta kalamuak soka eta txikotak egiteko, zume eta drakaenak listatarako, berbenak, malmak, intsusak eta abar sendagaietarako... Hauen laguntzaile etxearen zentzu mitikoa bideratzen zuten hagin, arte, intxaurrondo, palmera... Bakoitzaren mitoak, hori bai osasuna!