Arerioari aurre egin, bere jokoa ahuldu eta ezkutuan lituzkeen eskasiak agerian uztea da presing taktikari berehala galdetzen zaizkion emaitzak. Presinga da baloiaren jabeak gorroto duena. Bera baita, jabeak baloia nahi bezala erabiltzeko lekurik eta astirik gabe uzten duena. Eta baloiaz iaioena eta azkarrena izaten da lotsagarri geratzeko arrisku gehien duena, baloi ezak jokotik at utz bailezake noraezean publikoki. Politikan ere, arerioari aurre hartzean datza, hein handian, arrakastaren erroa. Lizarra Garazik lekuz kanpo utzi zituenak ez dute amore eman eta beste estadio baten bila ibili zaizkigu egituratze ahaleginetan zebilen taldea barnetik hautsi nahiz. Eta bere zelaia inposatzeaz gain, baloia ere bere-berea sartu nahi izan dute, ezker abertzalea jokalaria jokotik at ezarraraziz gainera. Zalegoa ere, banatuta eta kontrolpean daukate. Bakoitza bere lekuan, taldearen pankartapean tinko eta inork bestenera aldegin ez dezan arerioak etsaitzat joz eta eztabaida aginduez eragotziz. Eta gehiengoa, asper-asper eginda lagunarteko partidoak noiz bukatuko zain