argia.eus
INPRIMATU
OSASUNA
ESPERIMENTUAK UMEEKIN
  • 1989tik 1993ra Erresuma Batuko ospitale batean 122 haurrekin esperimentuak egin ziren gurasoei baimenik eskatu gabe. Horietatik 28 inguru hil egin ziren.
Jabier Agirre 2000ko irailaren 03a
Gezurra dirudi gaurkoa bezalako albisteak gertatzea. Eta lotsagarria da bestalde horrelako gauzak gizarte garatu eta beste gauza batzuetarako moraltasunaren eredu den batean gertatzea. Baina guztion harridura eta disgusturako bada ere, horrelako izugarrikeriak Erresuma Batuan gertatu ziren, eta ez orain 100 edo 200 urte, 1989tik 1993ra bitartean baizik.
Ingalaterrako North Staffordshire Hospital-ean lan egiten zuen David Southall izeneko pediatrari jaioberrien arnasketa errazteko aparatu batekin esperimentuak egitea otu zitzaion nonbait. Eta horretarako 122 haur hartu zituen, garaia baino lehenago jaiotakoak (prematuroak alegia) eta inori ezer esan gabe, ez bere nagusiei (itxuraz, oso argi ez dagoen arren) eta batez ere umeen gurasoei inolako baimenik eskatu gabe, arnasgailuaren esperimentazioari ekin zion.
Zoritxarrez esperimentu horrek ondorio ezin latzagoak eduki zituen, eta 28 ume inguru (zeren zifrak ez baitaude erabat zehaztuak) hil egin ziren. Medikua bere lanetik apartatua izan da, baina nork berpizten ditu ume horiek? Eta okerrena da arnasgailu mota hori ez dela erabat baztertua izan, ume koxkortuagoetan oraindik ere erabiltzen omen baita.
Arazo honek hauts asko harrotu zituen Erresuma Batuan, jendaurrera atera zenean, eta ospitaleko iturriek esan zutenez "ez omen zegoen frogarik esateko heriotza horiek azterketaren ondorio zuzena zirela". Hamaika ikusteko jaioak gara, esaera zaharrak dioen bezala