argia.eus
INPRIMATU
LANDAREAK
EKOITZI ETA EKOITZI
  • Udan ikusten da bereziki lorazain eta paisajisten lana. Lorategiak gehiegizko kolorez eta forma geometrikoz, bete ohi dituzte, naturari mugak ezarriz.
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Badira perfekzio zuzenegi bat eskuratu nahian lan eta lan, dituzten guztiak emanez lanean diharduten nekazariak. Gehienetan lorazainak deitzen zaie. Hauen artean ere denetatik dago, baina natura gainditu eta geure behar xelebreetara makurrarazte moderno gero eta zorrotzagoaren erasotzaileetan punta-puntako puntaren puntta dira. Udaoro azaleratzen zait goragale kolpe ia-ia eramanezinen bat edo beste. Udaoro, zer... sasoi hau baita espektakulu hutsa helburu duten lorazain artisten lanak puri-purian diren sasoia: kolore eta lore desdetxak, arbustu marra zuzenegiak, tapizgileen belazeak... Lore gutxixeago, fruitu mikazxeago, petalo ajatuak edo hostaje berdosta eman nahi duten landareak alfertzat jotzen dira eta ezin onartu. Natura humanizatua besterik ez dugu nahi inguruan. Astalarrosa deitzen dugun arrosa-landare basatiak urtean behin loreak eman eta gero bizi egiten du. Lorategietan urte osoa loreak eman eta loreak eman, dituenak eta ez dituenak ematen dituzten arrosa-landareak soilik ametitzen dira.
Neolitikoan landareak ezagutzen hasi eta baratzetara bildu zirenean haietxek ziren lorategiak. Gero erlijioekin gizakia bezalaxe landareak ere lorategi ikusgarrietan esklabutu genituen. Esklabutza honetan paisajista eta lorazain gehienen zigorren zartadak entzuten dira egun. Tarteka kate etentzaile batzuen lana ere ikusten denari eskerrak...