argia.eus
INPRIMATU
UDAZKENERAKO TELESAILAK
BERTAKO PRODUKTU BERRIAK
  • "Por qué a mí", "Platos sucios" eta "Alquilados". Hauek dira ETBk ekoiztuta hastear den denboraldi berrian estreinatuko diren telesailak, eguneroko bizitzaren egoerak islatzea dute hiru ekoizpenek helburu eta umorea erabiliko dute denek bitarteko gisa.
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko uztailaren 27a
Uda honetan hiru telesail berri grabatzeko lanetan jardun du Euskal Telebistak. Hiruak udazkeneko denboraldi berrian pantailaratuko dira ETB-2n.
Unibertsitateko Campus bat du kokagune "Por qué a mí" telesailak, eta ikasle nahiz irakasleen gorabeherak jorratuko ditu umorea eta drama uztartuz. Joxe Kruz Gurrutxaga, Javier Anton, Susana Soleto, Miriam Martin eta Alfonso Torregrosa aktoreak izango dira, besteak beste, protagonistak. Zuzendari lanetan, aldiz, Tito Martinez de Eulate eta Aitor Osa gazteak ari dira. Galdakaoko K-2000 estudiotan burutzen ari dira grabaketa lanak eta horretarako barrualde naturalak erabiltzea erabaki dute, errealismoaren mesedetan (horrek iluminazio lan handia eskatzen duen arren).
"Platos sucios" egoera komediak berrikuntza bat ekarri du: ikusleak platoan bertan direla grabatutako lehen fikzio telesaila da Euskal Herrian. Iaz TV3en pantailaratu zuten "Plats Bruts" ekoizpen katalana du jatorri telesail honek. ETBrentzat Koma etxea ari da berau ekoizten eta zuzendari lanetan, aldiz, Kepa Sojok dihardu. 13 ataletatik 6 grabatu dituzte dagoeneko eta telesaileko arduradunek positiboki baloratu dute publikoarekin batera buruturiko lehen esperientzia hau. Anartz Zuazua, Klara Badiola, Gorka Aginagalde, Leire Berrocal, Asier Gomez, Alejandro Garrido eta Lola Markaida aktoreak izango dira protagonistak eta etxebizitza batean bildu diren pertsonaia bitxien pasadizoak eskainiko dizkiete ikusleei.
Udazkeneko hirugarren estreinaldiak "Alquilados" du izena eta etxeko gela batzuk alokatu beharrean diren anai-arraben istorioak ekarriko ditu. Igeldo Komunikazioa ari da telesail honetaz arduratzen. Zuzendaritza Kike Santiagoren esku dago eta errealizazioa Maria Mujikaren ardurapean. Fede Barriola eta Dorleta Urretabizkaia ikusiko ditugu anai-arreba protagonisten rolean eta Aitor Beltran eta Gema Hassen-bey homosexual baten eta ezindu baten azalean ipini dituzte, hurrenez hurren