Airean ibili da helikopteroa lau urtarotan zehar. Emaitza; ordu erdiko 25 atal, "Wescam" kameraren aukerak baliatuz. Sabairik gabeko ibilgailuan jarrita, Kanadan garatu den kamera honek egonkortasuna ematen dio irudiari, helikopteroaren dardara eta itzulien gorabeherarik gabe. "Ia-ia 300 ordu behar izan ditugu airez zazpi probintzietako irudiak hartzeko. Kostaldea, hiriak, bailarak, ordokiak, mendiak eta nortasun bereziko herriak... eta paisaia erakargarriaren tartean, biztanleak, herri bizia, alegia" azaldu du Iñaki Pangua saioko zuzendariak. Honenbestez, hegazkinetik, labarretan, zaldiak, traktoreak, ontzixkak, surflariak, eskalatzaileak eta abar ikus daitezke. Halaber, angelu zabaleko optika erabili dute, ziztu bizian hartu irudiek zirrara handiagoa piztu diezaguten.
Telesaila grabatzea lan lehiakorra eta zintzoa izan da. Denbora luzez, errealizazio taldeak Euskal Herriko bazterrak miatu zituen, zubiak, kableak eta argidorreak non zeuden kontuan izanik. Pilotuaren abileziak eta aparteko irudiak lortzeko grinak bestalde, estualdiak pasarazi zizkien, alegia, helikopteroa haitz artean sartu edo tsasoko olatuek helikopteroaren patinaren kontra jo zutenekoa.
Halaxe, lehen atalak ikusi ondoren, maila handiko dokumentalak direla esan behar; irudien edertasuna aski da atal guztiak ikusminez jarraitzeko. Hala eren, hutsen bat bilatzekotan, musika eta testuen kutsu poetikoegia aipatu beharko genuke, irudien osagarri izan baino erritmoa motelarazten dute-eta. Hain hizkuntza eta doinu jasoak sartu beharrean, berritzaileagoa izango zen musika anitzagoa tartekatu eta pasadizoak kontatzea, edo zergatik ez, euskaldun arrunten kezkak irudien gainetik entzutea. Aukera ona galdu dute euskaldun egiten gaituen ama lurra erakusteaz batera, gure izaera jasotzeko