argia.eus
INPRIMATU
RADIO ALDAMAR
LANGILEEI 25 MILIOI OSTUTA
  • Soldata kobratu gabe hiru hilabete daramatela salatu ondoren, kaleratuak izan dira donostiar irratiko hamar langileak. Bi milioi eta erdi pezeta ordainarazi zizkieten lanean hasteko.
2017ko azaroaren 28a
Erdaldunen artean entzuleria fidela duen arren, ilunpean bezala egon da beti irrati komertzial hau. Susmagarria izan zen irratian esatari edo idazkari gisa sartzeko deialdian aurreko esperientziarik ez eskatzea. Are gehiago, bi milioi eta erdi pezeta (100.000 libera) ordainarazi izana fidantza gisa. Baina, azpikeria usaindu ez eta onartu egin zuten. Aitzakia ederra jarri zieten gainera: dirua trebakuntza on jaso zezaten baitzen, eta aldi berean, beste inora joan ez zitezen. Trukean, 100.000 pezetako kontratu mugagabea agindu zieten; baita kopuru hori atzera emango zitzaiela ere %7ko interes batekin.
Arazoak baina, apirilean iritsi ziren, soldatak ordaintzeari utzi ziotenean. Langileak kexu agertzean, tratu txar psikologikoa jasan zuten. Egoera hain jasangaitza bihurtu zen, non beraien artean ere gaiaz hitz egiteko beldur ziren, baten bat zuzendariaren "satorra" izango zelakoan. Lantokian kamerak omen zeuden dena grabatzen langileak kontrolpean eduki nahian. Programazio berria ere abiarazi zuten, langileei ordu "extrak" sartu zitzaten eskatuz. "Ordu extrak ez dira ordaintzen, curriculuma hobetzeko dira-eta" argudiatu zuen Rosalia Dominguez zuzendariak; "norbait gaixorik egonez gero, huts egindako egunak soldatatik kenduko zaizkizue" gaineratuz. Hori gutxi balitz, soldata beste bi "gizarajo" sartu arte ez zitzaiela ordainduko entzun zuten zeharka langileek. Dominguezek Efe agentzian adierazi duenez, "dena gezur galanta da; langileak auzitara eraman ditugu difamazio eta kalumniak esateagatik".
Beraz, iruzurraren berri emateko, langileek mobilizazioak egin dituzte irratiaren egoitza aurrean; langile baten esanetan, "jendea nahiz entzuleak ohartarazteko irrati horren barruan gertatzen ari denaz, eta bide batez, guri egin digutena beste inori egin ez diezaioten"