argia.eus
INPRIMATU
ITZULPEN-INTERPRETAZIOA LIZENTZIATURA BERRIA EHU-N
2000ko uztailaren 23a
Lerro hauek idazten ari naizen bitartean, 140 lagun inguru ari dira EHUko Gasteizko Filologia Fakultatean datorren ikasturte honetan abiatuko den itzulpen eta interpretazio lizentziatura berrirako sarrera-azterketak egiten.
Euskal Itzultzaileen Elkartea (EIZIE) aspalditik ibili da ahal izan duen toki guztietan aldarrikatzen gure unibertsitatean ikasketa horiek eskaini beharra, batez ere euskararen beraren egoeragatik: izan ere, euskarari hizkuntza ofizialaren izaera aitortu zitzaionetik pasatu diren urte luzeetan, jende asko eta asko ari izan da Administrazioan eta handik kanpo itzulpenak egiten eta, itzulpen horien bidez laguntzen euskararen barne eta gizarte normalkuntzaren oinarriak ipintzeko lanari; baina itzultzaileok ez dute izan unibertsitate mailako prestakuntza jasotzeko modurik (ez bazen kanpoko unibertsitateetan eta, beraz, euskararik gabe), eta, are okerrago dena, euskal itzulpenari eta haren arazoei buruzko oso ikerketa gutxi egin da.
EGIA da, nolanahi ere, 80ko eta 90eko hamarkadetan, Martuteneko Itzultzaile Eskolan, Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Administrazio eta Lege Arloko Itzultzaile Eskolan, Deustuko Unibertsitatearen eta EHUren itzulpen masterretan jende askok jaso dituela gutxieneko ikasketa batzuk, eta haien bitartez euskarazko itzulpenaren ezaugarri eta arazoez gogoetatu, ikasi eta zerbait ikertu duten irakasle batzuk ere egon direla: EIZIEren "Senez" aldizkarian argitaratuta daude ekarpen horietako batzuk, eta zenbait liburu ere kaleratu izan da.
Baina unibertsitate-ikasketarik ez izateak ekarri du lan arazorik ere: gure Administrazio desberdinetan lanean ari diren itzultzaile-interpreteak era guztietako kategoriatan sarturik daude, gora-behera handiak daudelarik batzuetatik besteetara; kasuren batean, EGA edukitzea nahikoa zen, adibidez, interprete lanpostu baterako lehiatu ahal izateko.
Jakina, lizentziatura berriak ez du ekarriko goizetik gauera arazo guztiontzako konponbidea, baina konponbidean jartzeko berme gehiago ematen du; eta bestalde, berriro azpimarratu nahi dut, euskal itzulpenari buruzko ikerketa bideratu eta biderkatu egingo du zalantzarik gabe, hori erabat onuragarria izango delarik itzulpen horren kalitatea egunetik egunera hobetzen jarraitzeko.
KONTUAN izan behar da euskal gizartean itzulpenak oraindik toki handia beteko duela euskararen beraren normalizazioan, eta ezinbestekoa du, horregatik, ondo prestatutako profesionalak edukitzea, bai eta orain langintza honetan dihardutenentzat beren trebetasuna hobetzen jarraitzeko tresna teorikoak eskaintzea ere. Dena den, uste dut harro egoteko motiborik ez zaigula falta, hain zuzen ere euskal itzulpenak oso maila handia erdietsi baitu azken bi hamarkadotan, baita baldintzarik onenetan garatu ez bada ere. Aurrerantzean, beraz, panorama hobetu baino ezin da egin, hori da gure itxaropena behintzat; eta, gainera, ingelesa, frantsesa eta beste hizkuntza batzuk ere ondo jakingo dituzten profesionalak izan ahalko ditugu.
HORRETARAKO, lizentziatura berria egingo duten ikasleei gomendio bat luzatuko nieke: aprobetxatu dezatela orain Unibertsitatearen bidez beste herri bateko unibertsitatera denboraldi bat pasatzera joateko dagoen aukera, beste hizkuntzak ahalik eta gehien ikasteko. Hain zuzen, esan ohi den bezala, itzultzaile ona izateko hiru baldintza daude: beste hizkuntza bat ondo jakitea, norbere hizkuntza ezin hobeto jakitea, eta bi hizkuntza horien artean ondo nola itzuli ikastea