Asteburu pasa edo oporretan datozen horiek hobe ezagutu gaitzaten dago egina saioa; bizkar zorroa gainean dutenetatik hasi eta luxuzko hotel batean gela bat hartzen duten turista horietaraino. Kultura, kirol eta gastronomia mailan dagoen eskaintzaren berri ematen da. Dena den, Espainiako turistei ez ezik, hemengo jendeari ere zuzendua dago saioa. "Euskal herritar askok Salou, Torrevieja, Kuba edo Kanarietara joateko ohitura du oporretan; oso ondo iruditzen zait, baina pena da, kanpora ateratzeko irrika horrek Euskal Herria hobeto ezagutzeko parada galarazten dielako. Egin kontu, alde batetik, euskal herritar dezente ez da jakinaren gainean egoten Pirinioetan dauden aukera oparoekin. Eta bestetik, badira uda pasatzeko urtero leku berbera aukeratzen duten turistak, kataluniar, madrildar eta aragoiarrak, gehienbat", dio Teresa Yuste "Tiempo libre" emankizuneko gidariak.
Esan bezala, gastronomiari leku handi samarra ematen zaio, ezaguna baita euskal sukaldaritzak duen tiradizoa, kanpotarrek Euskal Herria oporleku gisa aukeratzeko orduan. Gisa horretan, astegunero herrialde bat dute hizpide: Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Iparralde hurrenez hurren. Kolaboratzaileen eskutik tokian tokiko mugarri eta berezitasunak aipatzen dira, baita jatetxeak gomendatu ere. Bestalde, entzuleen partehartzea bultzatzeko asmoz, "deialdi bat egin nahi dut jendeak bere bidaiak idatziz kontatzeko; esaterako, Nafarroako txoko bat xarmangarria iruditu bazaie, bada, idatzi diezagutela hori kontatuz"