argia.eus
INPRIMATU
GIZA GENOMA
"ORAINGOZ EZ DAGO ALARMARAKO BATERE ARRAZOIRIK"
  • Carlos Maria Romeo Casabona doktorea Zuzenbide eta Giza Genomaren Unibertsitate arteko Katedraren zuzendaria da. Gai ilun honetan argi pixka bat eskaini diezagukeen Euskal Herriko aditurik ospetsuenetako bat dugu medikuntzako doktore hau.
2000ko uztailaren 16a
Giza genomaren inguruan zer da zehatz-mehatz aurkitu dena eta oraindik egiteke dagoena?
Bukatu dena giza genomaren mapa da, baina mapa hori ez da oraindik oso zehatza, ez digu garrantzitsuena esaten: zenbat gene dauden, non kokatuak (ADNren zein tokitan), kromosoma bakoitzak zenbat gene duen eta bakoitzaren funtzioa, gaizki dabiltzanean zein gaixotasunen errudun diren...
Dena den, proiektu honen helburua geneen sekuentziazioa zen, 3.000 milioiko nitrogenodun base bikoteak ordenatzea eta identifikatzea, duen interesa zientifikoa da batez ere, herritarrentzat oraindik ez baita inolako etekin zuzenik izango. Zientzialari, laborategi eta bestelako enpresa pribatu zein publikoentzat aldiz, aurrerapen handia suposatuko du, bestelako ikerketa aplikatuentzat tresna itzela suposatzen duelako: botikak, diagnosirako produktuak, terapia genikoa, eta abar.

Aurrerapen hau dela-eta, badugu kezkati ala beldur izateko arrazoirik?
Honetaz beldurra eta mesfidantza adierazten dutenak "katastrofista" ala ezjakitun hutsak dira. Batzuk, besterik gabe, sentsazionalismoa pizteagatik ari dira, irakurle, entzule edota ikusleak erakarri asmoz.
Kontuz ibili beharreko puntuak egon badaude, babes neurri juridikoak eta ez juridikoak behar dituztenak. Gehiegikeriak gerta daitezke eta behar bada, nahiz eta gaia legeztatu, arazoak izango dira. Zerbait berria sortzen denean txarrerako erabil badaiteke erabili egingo da. Hala ere, interesgarriena erabilpen gaizto hori minimora murriztea da, zigortu ahal izatea, prebentzio neurriak egotea eta azken finean gehiegikeriak gutxienekoak izatea. Horrenbestez, oraingoz ez dago alarmarako batere arrazoirik.

Orduan, zer gertatuko da azkenean giza genomaren inguruko patentearen gaian?
Azkenean enpresa pribatu eta publikoen arteko aurkikuntza gisa aurkeztu denez, lehenengoak giza genoma patentatzeari uko egin dio. Dena den, patentea emango lioketen ala ez ikusi beharko litzateke. Batetik, besteen ikerketan ere oinarritu dira eta bestetik, aurkikuntza bat da, ez asmakizuna. Eta azkenik, ez dauka erabilpen ezagunik, ez zehatzik...
Legedi bereziagoa sortzeko beharra dago, ikerketa hauen aurrean giza intimitatea eta osotasuna babesteko. Dauden lege sektorialak jadanik ez dira nahikoak, ez Espainian ezta nazioartean ere. Datuen babesari dagokionez, adibidez, legearen arabera datuok borondatez eman daitezke. Enpresari batek eskatuz gero berriz, ia inork ez ditu ematen. Zenbait estatutan halako datu pertsonalak ezin dira eman ezta borondatez ere.

Azkenik, noraino hel daiteke zientziaren interbentzioa giza genoman?
Terapia genikoen erabilera gaixotasunak ezabatzeko bidezkoa ikusten da, baina ez giza espeziea hobetzeko (eugenesia) bide gisa.
Esate baterako, kezkatzekoa da geneetatik lortzen den hazteko hormona sintetikoaren produkzioa Estatu Batuetan bi botika enpresen eskuetan egotea. Hormona sintetikoa errezetaz saldu beharrekoa bada ere, praktikan ez da horrela gertatzen eta 10-12 urteko umeek zuzenean erosten dute, horrela altuagoak izan eta hainbat kirol egin ahal izango dutela dakitelako. Non amaitzen da gaixotasuna garaitzearen nahia eta non hasten da giza espeziea hobetzeko gogoa? Hortxe dago koska eta kezka