argia.eus
INPRIMATU
Hiruko Txikian
LENDAGAIA
Joxemari Ostolaza 2000ko uztailaren 16a
Euskal Herria Iruñeko Estafeta kalea bilakarazi nahiko zukeen Mayor Orejak. Eta urte oso osoa San Fermin. Abertzaleak galtza atorra zuriz eta gerriko gorriz jantzita nabarmendu eta bereizi, eta kalean goiti beheiti lasterka batean jarri botatako armadun adardunen aurretik amu. Eta bere ihesaldian jazartzaileen adarkaden erasotik sano irten litezkeenak irrist bakoitzeko hogeina urteko kartzela zigortzat. Horrela, kartzelan ez leudekeenak istripuz hilak edo kartzeleratu bitartean adarkadaz larriki zaurituak. Izan ere, Espainia ala San Ferminetako Estafeta dio PPk Lehendakari izateko hautagaiak eskainiko abertzalegoari. Ajuria-Berea okupatzeko asmotan dabilen Mayorrek, hala ere traje alkandora eta gorbata ilunez beztitu eta bere agindutara mandatotan ibiltzea onartuko lioketen demokratak gozo-gozo hartuko omen lituzke sortzez zabala oso duen gerizpean. Armadun adardunak aingeru zuri bihurtzen duen gerizpe berean hain zuzen. Pasatu naizela? Galdetu armadun adarretan jausitako azken gazte abertzaleei. Nire hau, seroraren otoitzen parekoa duzue