argia.eus
INPRIMATU
FESTABURU
GOENKALETIK FESTA KALERA
  • Anabel Arraiza eta Iñaki Beraetxe, Goenkaleko Sara eta Mikel, izango dira ETB-1en udan emango den "Festaburu" saio berriaren gidari. Ostegunero, hilaren 6an hasita, herri ezberdinetako bitxikeriak, ezagunekin solasak, musika eta antzezpenak izango dira.
2021eko uztailaren 15a
Goenkalen gehien nabarmentzen diren aktoreak ditugu Anabel lakuntzarra eta Iñaki donostiarra. Ekinaren ekinez sinesgarritasuna eman diete beren rolei, bakoitzak bere estiloa duela. Iñakik bikoizlariek aktore lanetan izan ohi duten zurruntasuna gainditu du, hasieran erregistro mugatua edukitzetik espresibitate handiagoa lortzera; Anabel berriz, Joseba Salegiren "Ione, igo zerura" filmeko protagonista izan da. Halaxe, bi aktore hauek jendartean duten tiradizoa baliatzeko asmoz, "Festaburu" aurkezteko aukeratu dituzte. Saioak Euskal Herriko zenbait hiritara joko du hango lagunik ezkutuen, dibertigarrien eta xelebreenak ezagutarazteko, bide batez, leku horietako kultura eta tradizioen berri ere emanez. "Festaburu"ko ostera Lekeition hasiko da eta gero Lesaka, Donostia, Bakio, Sara, Gasteiz, Azpeitia eta Zarautz bisitatuko ditu, datorren uztailaren 6an hasita eta zortzi ataletan zehar.
Bestalde, Euskal Herrian zehar eginiko ibilaldiak saioaren muina izanik ere, "Festaburu"ko platoak zenbait lagun hartuko du gonbidatu. Anabel eta Iñakirekin solas arinean arituko diren famatuen artean, Klaudio Landa, Xabier Euzkitze, Iñaki Perurena, Ilazki Serrano esataria eta Mikel Laskurain aktorea ditugu, besteak beste. Kirol munduko zenbait aurpegi ezagun ere izango da, Haimar Zubeldia txirrindularia, kasu. Horrez gain, zenbait atal tartekatuko dute saioan, ordu eta erdiz, erritmo arina eta saio ikusgarria sortzeko, hala nola, erreportari berezi bat, zenbait umorista eta "Egungo kontuak" izeneko atala, non aktore ezagun batzuek saiorako propio prestaturiko zenbait bakarrizketa botako duten. Halaber, egun-egungo musika taldeak ekarriko dituzte. Kaleko musika eta antzerkia, eta saioak berak duen balletaren ikuskizunak izango dira ikusgai, besteak beste.
Saioaren atal ezberdinei gatza eta piperra ematearren, eskarmentuko gidoilari taldea hartu dute, horien artean Andoni Egaña, Anjel Lertxundi eta Inaxio Mujika direla. Dena den, "Festaburu"ren bereizgarria Anabel Arraiza eta Iñaki Beraetxek hartuko duten jokamoldea da, aurkezleen ohiko estilotik urrun samar azalduko dira-eta, beren agerraldiak joko bihurtuz eta beren ukitu pertsonalarekin antzeztuz.


ENTRETENITZEA HELBURU.

"Festaburu"z gain, udako programazioa goitik behera aldatuko da euskarazko katean. Goenkale telesaila izango da hilaren amaiera arte jarraituko duen bakarra. Hona hemen berrikuntza nagusiak:
Ikusentzule gazteenak erakarri nahiz, goizero lau ordu eta erdiz haur eta gazteentzako marrazki bizidunak eskainiko dira; urteak igaro arren oraindik xarma galdu ez duten klasikoak, hala nola: "Pottokiak", "Yogi hartza", "Scooby Doo", "Tom eta Jerry" eta "Ninja Dortokak".
"Gaur egun" albistegiak Karlos Arguiñano sukaldariari pasako dio lekukoa eta, jarraian, "Jaiak 2000" saioa etorriko da. Astelehenetik larunbatera, Joxe Felipe Auzmendik eta Txetxu Altolagirrek Euskal Herriko herri eta hirietako jaien berri ekarriko dute. Gauerdian berriz, astelehenetik ostiralera, musika zaleen txanda izango da, "Oporrock" saioa aurkeztuko baitu Joseina Etxeberria Euskadi Gazteko esatariak. Azkenik, asteazkenetan, "Euskal Herria lau haizetara" dokumental anbiziosoa helaraziko da, non Euskal Herriko itsas labar, ibar eta hiriguneak helikopterotik hartuta erakutsiko zaizkigun, airean dabiltzan arranoen antzera ikuspegi zeharo ezezagun eta liluragarria emanez