Mota honetako saioak dira telebista bati sona ematen diotenak. Tamalez, ordutegi ezegokian eman ohi dituzte, hain zuzen, "prime time"n eskainiz gero, entretenitu ez ezik, jendea hunkitzea ere lortuko lukete-eta. Are gehiago, ezaguna da euskaldunen prestutasuna elkartasun ekimenetan buru belarri murgiltzeko. Hori dela eta, zergatik zokoratu behar dute halako saio bat audientzia erabat murriztua duen ordutegi batean? Dokumental saio honen taxukerak gainera, ez du kanpoan egiten diren beste ekoizpenen inbidiarik, nahiz eta irudien indarra eta gordintasuna aski diren ikusleak dokumentalak jakinminez jarrai ditzan.
Aurreko kasuetan bezala, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Eragiketaren sailaren dirulaguntza du, eta euskal zergadunei esker herrialde horietan aurrera ateratako proiektuak jakitera emango ditu. "Herrialdearen erradiografia egiten da, proiektu hauek ezarriko diren herrialdeen deskribapena, arazoak..." azpimarratu du Fermin Ayo saioaren errealizadoreak. Halaxe, ondorengo herrialdeen gazi-gozoak ezagutuko ditugu: Argentina, Bolivia, Kolonbia, Costa Rica, Kuba, Ekuador, El Salvador, Guatemala, Mexiko, Nikaragua, Paraguai, Peru, Dominikar Errepublika, Venezuela, Etiopia, Kongo, Boli Kosta, Irak, Mauritania, Tanzania eta Uganda.
OSVALDO, ARMADATIK IHES-EAN.
Fermin Ayok gain, dokumental saio honen lantaldea Oscar Epelde eta Igor Olaeta kazetariek eta Josu Perez, Joserra Plaza eta Urko Sanchez kamerek osatzen dute. Afrikari buruzko atalak eta Amerikako hainbat, orain grabatutakoak dira, taldeko hainbat kide Latinoamerikan lanean dabiltza eta datozen hilabetetan beste talde bat joango da haien ordez.
Garatu gabeko herrialdeei bidalitako dirulaguntzak prestakuntzan, irakasleen heziketan, hezkuntza zentroen sorreran erabiltzen ari dira. "Adibidez, Guatemalan, 'Fe y Alegría' taldean lan egiten zuen Osvaldo izeneko gizona ezagutu genuen. Hamalau urte zituenean armadan sarrarazi nahi zutela, ihes egitea lortu zuen eta hezkuntzari esker gizartea alda zezakeela konturatu zen". Era berean, kooperanteak, emakume, adineko, ume eta gerrillari ibilitako gazteentzako etxeak egiten ari dira. Dirua halaber, lurralde azpiegitura, auzune marginalen egoera hobetzeko eta komunitate indigenetan etxeak eraikitzeko erabili da. Orobat, uholde eta urakanek hondatutako lurraldeei eskaini laguntza nabarmentzekoa da, hala nola osasunari eta kulturari emandakoa. Esaterako, "Elkartasun bideak" saioko taldea Guatemalan maiek erritoetarako erabiltzen zuten eraikina ikusten egon zen. Indigenen kultura berreskuratu nahian berritzen ari dira eraikin hori. Ayoren ustez, herrialde horietako arazoak mundu osoko arazoen adierazgarri dira: "Hirugarren Munduko arazoak Lehenengo Munduan sortutakoak dira. Adibidez, gastu militarrentzat hainbat diru bidaltzen da eta arazoa, ostera, bestelakoa da. Malaria, hiesa, hezkuntza eta janari gabezia Afrikan. Lurralde haietan lan egiten duen jendearen diskurtsoak erabateko giza eraldaketa eskatzen du. Horregatik kooperazioa, gure herrialdetik, norberarengandik hasi behar da"