argia.eus
INPRIMATU
Hiruko Txikian
EHUN METRO
Joxemari Ostolaza 2000ko uztailaren 02a
Oinez, minutu eta erdi edo. Ez da asko. Oso gutxi dela esango nuke. Huskeria. Eta ibiltzea arrunt osasungarria dela jakinik, deusez. Ordubetekoa omen da guttienez gomendagarria egunero oinez egin beharrekoa gure bihotza zainduko badugu. Eta gorputza odoleztatzea ezinbestekoa dugunez, presoen aldeko ibilaldia burutzea asmatu duenari gure eskerrona eman beharko genioke. Bainan gure presoen zama pisua da. Seiehun bat tona. Pisuegia gutxi batzuen artean garraiatzeko. Arina oso, egoki banatuz gero. Herri bakoitzak berena eraman beharko luke, eta ahal dela, baigorriarrak eta berarrak erakutsi bezala, festa bilakatu. Azken hauen kasuan, auzapeza izan da bere arma azkarra erakusten saiatu dena bere txistuaz egin baitu bidea. Honez gero, hau idazten ari naizenerako Guardia Zibilak ariko dira egurra tonaka banatzen preso zamarien artean, beti ere elkartasunezko adierazpen hutsalenaren zama pisuegia zaiela erakutsiz. Eta bakoitzak preso kilo bana baizik zamatzeko adina jende ikusten badute aurrean, amore eman beharko dute funtzionari salarioek ez baitute ezer asko bermatzen. Eta mertzenarioak bai, bainan pisu arinekoak ditugu zakurrak