Ipar Ameriketako zientzialariek bakterioetan antibiotikoekiko erresistentzia eragiten duten bi gene aurkitu dituzte, itxura guztien arabera. Zientzien Akademia Nazionalaren aldizkarian argitaratutako lan batean, zientzialariek diote gene horiek desaktibatzeak bakterio horiek antibiotikoen aurrean erabat bulnerable utzi zituela, penizilinaren aurrean batez ere.
Estafilokoko aureoa (edo urre kolorekoa) da gaur egun infekzio gehien eragiten duen bakterioetako bat, eta bakterio horren zepetatik % 90 penizilinarekiko erresistenteak dira. Zepa horietako batek, pneumoniaren estafilokokoak, urtero Estatu Batuetan soilik eragindako "txikizioak" ikaragarriak dira: 6.000 meningitis kasu, 50.000 odoleko infekzio, milioi erdi pneumonia eta milioika belarrietako infekzio. Mundu osoan milioi bat inguru heriotza sortzen dituzte urtero estafilokokoek.
New York-eko Rockefeller Unibertsitateko ikerlariek 20 urte baino gehiago eman dituzte ikertzen nola garatzen duten estafilokokoek eta beste mikroorganismo batzuek penizilinen aurrean daukaten erresistentzia hori. Eta ikerketa horietan ikusi zuten bakterioak gai direla beren pareta zelularra berreraikitzeko penizilinaren erasoa gertatu ondoren eta horren erantzuletzat bi gene jo zituzten (MurM eta MurN izenekoak). Itxuraz bi gene horiek blokeatuz gero, penizilinaren eragina bete-betean gertatuko litzateke, erresistentziarik gabe