Zuberoako euskararen xarmaz zerbait entzun? Bai, inork gutxik. Baina "tipiko" horietaz gain, Euskal Herrian baditugu jende gehienarentzat askoz ezezagunagoak diren beste hamaika altxor: Izturitze eta Otsozelaiako leizeetako estalaktita eta estalagmita miragarriak, Harpeako bakardade eta isolamendua, Uxue herriko etxeak astintzen dituen haize bortitza, Kodes mendizerrako harkaitzar "kaputxadunen prozesioa", Urederra ibaiaren paradisua, Trebiñoko etxe trogloditak, Añana-Gesaltzako paisaia "estralurtarra", Nerbioi ibaiaren urjauzi ikaragarria, Argiñetako hilobi bisigodo misteriotsuak, Trianoko meatze-laku zoragarriak, Barrikako itsas-labarrak, Santa Eufemia ermita ezkutua...
Leku hauek guztiak eta askoz gehiago ere erakusteko gogoz gaituzue eta horregatik, kotxea hartu eta -batez ere- asteburutan egiteko moduko txangoak prestatuko dizkizuegu, hainbat astetan zehar jorratuko ditugun 30 ibilbidetan banatuak. Ibilbideon zerrenda ondoko orrian duzue.
Hori bai, leku gehienetara kotxez iritsi badaiteke ere, Euskal Herriko naturarekin behin eta berriz egingo duzue topo: mendiak, haranak, ibaiak eta abar. Ibilgailua utzi eta paseo erraz eta ederrean gure naturgune interesgarrienetaz goza dezakezue.
Honetaz gain, zazpi herrialdeetako herri, hiri eta inguru garrantzitsuenen datuak eskainiko dizkizugu: bakoitzaren sarrera historikoa zein gaur egun bertako monumentu eta ikusi beharreko toki guztiak. Eta baita toki bakoitzean non jan, lo egin edota suertatzen den edozein beharri erantzuteko hainbat helbide eta telefono praktiko ere. Eta ez pentsa mapan ia galduta dauden herri txikiak ahaztu ditugunik, horietara ere gonbidatuko zaituztegu-eta.
Gainera, edozein turismo-gidatan irudiak testuak bezain garrantzitsuak direnez, ibilaldi bakoitzaren erakusgarri, mendi, ibai, eliza, herri, trikuharri, eskultura... eta, noski, paisaien argazkiak bata bestearen atzetik aurkituko dituzue, interesgune bakoitzaren lehen inpresioa jaso dezazuen. Bestelako irudiak ere bai, gure herriko mendirik esanguratsuenen tontorreraino heldu baina tartean ez galtzeko mapak edota hiriburuetako planoak esaterako, denak astero-astero agertuko zaizuen ibilbide zatiaz gain, mapa-errepide funtzioa egingo duena.
Esanda geratu den moduan, ibilbide orokorrak 30 dira, baina hauek zenbait zatitan banatu ditugu, eta laburrenak zenbaki bakarrean jorratzen baditugu ere, beste batzuk, luzeenak, bost astetan ere izango dituzue irakur-ikusgai, beraz ibilbide zatiaren zenbakiari adi egotea gomendatzen dizuegu, nahas ez zaitezten. Dena den, hementxe duzue ibilbide guztien eskematxo bat, gidaren nondik-norakoak aurreikusten joan zaitezten.