argia.eus
INPRIMATU
GRAN HERMANO
ANAIAK EMANDAKO LEZIOA
  • Kritikatzeko edo goraipatzeko dela, "Gran Hermano"k ez du inor epel uzten. Etxe horretan dauden pertsonaia "sakonen" gorabeherak ikusiz gainera, entretenitu eta bizipoza emateaz gain, lezio bat ere ikasten da, hemendik aurrera gure bizitzan erabili beharrekoa.
2000ko uztailaren 02a
Gertakari soziala bilakatu da "Anaia nagusia"ren esperimentua. Hitzetik hortzera entzuten dira saioaren aipamenak, lantokian, autobusean, trenean, etxeko atarian ere hor egongo dira bizilagunak "Gran Hermano"ren kontura marmarrean; hain justu, igogailuan eguraldiaz kexatzea bezain arrunta bilakatzeko bidean da. Zer izan zen lehena, oiloa ala arrautza? Bata ala bestea izan, gezurra dirudi beti jaten eta sofan etzanda dauden dozena erdi lagun txorakeriez hitz egiten ikusteak halako tiradizoa lortzeak. Inor gutxik sinesten du gainera, psikologoek casting-a egiterakoan adimen handiko jendea hartu zutela esatea. Haien solasaldi "sakonak" eta Nobel Sarirako erantzunak entzutea baino ez dago horretaz konturatzeko. Zergatik ez dago jende interesgarriagorik etxe horretan? Edota antzezten ari direlako ezin dute beren benetako izaera erakutsi? Horretan datza hain zuzen, bere arrakastaren gakoa. Jende arrunta arrunkeriatan ageri zaigula. Esaterako, Sevillako Iñigok, etxean sartu zenetik, ez du oraindik polo berdea aldatu. Kolorea behinik behin, ongi aukeratu zuen janari zikinak disimulatu eta sudur barruko isuriak uzteko, nahiz eta bere izerdi kiratsa telebista bidez guregana igortzea oraindik ezinezkoa zaien.
Guk behintzat, lezio bat ikasi dugu saioa ikusiz, apunteak hartu gabe, gainera; zertarako irakurri liburuak "Marca" kirol egunkaria eta "Gran Hermano" nahikoa badira bizitzan eta gizarte lehiakor honetan zure tokia aurkitu, politikoki zuzena izan eta errespeta zaitzaten? Hona hemen ikasitako lezioa: dibertigarria da gure intimitatea kontrolpean egotea; exhibizionismo eta voyeurismoa onak direla, informazioa zentsuratuz (euskal presoen solidarioaren agerraldia maltzurki moztu zuten) oso erraza dela jendearen iritzia zuzentzea; kezka intelektualik gabeko bizitzak xarma handia duela; inozokeria galanta dela lana erruz egitea dirua eta arrakasta lortzeko bide errazagoak daudenean; "macho ibérico"rena egitea zerbait kutuna dela; epaitua ez izateko besteak epaitu behar dituzula; azkenik, besteen barkamena eta errukia izateko behar beharrezkoa dela zure iraganaz damutzea. Meritu handia du beraz, gizarte balore hauek bultzatzen dituen halako lehiaketa bat egiteak