Gizonkote handi bat azaldu zitzaigun orain bi urte Erein argitaletxera, gaztelaniaz halamoduz hitz eginez, idazle amerikarra zela esanez eta liburu bat galtzarbean: "Cod, A Biography of the Fish That Changed the World" (Bakailaoa: mundua aldatu zuen arrainaren historia) Gogoan dut argitaletxeko idazkaritzan nekez eman ahal izan zigutela zuzen bere izena. Mark Kurlansky genuen. Gaztelaniaz inkili-mankala, komunikazioa arrunt erraztu zen ingelesez ekin genionean. Hizkuntzaren muga hautsirik, arin bideratu zen gure harremana.
Gogoan dut bertan tokatu zela egun hartan Joan Mari Irigoien ere eta bi idazleek hitz batzuk egin zizkiotela elkarri. Markek galtzarbean zekarren izenburuak harritu ere gintuen Joan Mari eta biok. "Cod, A Biography of the Fish That Changed the World". Aski ikuspegi berezia behar zuen idazleak bakailaoa munduaren aldatzearen ardatz hartzeko. Interesgarri izan zitekeenik ere duda handiko genuen. Liburua, dena den, aipu onak izana zen mundu anglosaxoian, milaka ale salduak zituen, eta hainbat hizkuntzatara itzulia ere bazen. Euskarara itzultzeko zenbait saio eginagatik, ordea, ez genuen lortu asmoa gauzatzea. Eta haren galtzarbetik nirera, gurean gelditu zen "bakailaoa".
ORDURAKO, hala ere, beste liburu batean ari zen lanean Mark Kurlansky. Euskaldunen historia izan behar zuen aztergai eta zirenak eta ez zirenak elkarrizketatuak zituen. Izen asko ageri ziren bere agendan: Xabier Arzalluz, Txillardegi, Ramon Labaien eta Bernardo Atxaga, askoren artean. EEBBetan bertan, Reno-Nevada Unibertsitateko Euskal Mintegiko arduradunekin ere mintzatu zen: William Douglass eta Joseba Zulaikarekin, alegia.
1970az gero Madriletik Euskal Herrira joan-etorrika sarri-sarri ibili zen Kurlansky, harremanak ere izan zituen eta aski hurretik ezagutu ahal izan zituen gure herriaren ezaugarriak: hizkuntza, kultura, politika... Bere begiz ikusiak ez ezik, bibliografia handia erabili zuen oraingo liburu mardula oinarri sendoen gainean osatu arte: "The Basque History of the World".
Izenburutik beretik ageri denez, begi onez ikusten gaitu Mark Kurlanskyk. Euskaldunak -euskaraz ez dakien euskaldunak- egin lezakeen moduan idatzi digu liburua. Ez da debaldekoa liburuaren izenburutarako Gabriel Arestiren "Nire aitaren etxea" erabili nahi izatea, eta Iratzederren poemak ere ingelesera itzultzen jardutea, nahiz azkenean bestelako izenburua erabaki.
MAITASUNEZ ez ezik, zintzo idatzi du Kurlanskyk eta, beharbada, hortik ere heldu da liburuak izan duen harrera ona. Euskadi Irratiko New Yorkeko berriemaile Olatz Arrietak eman zigun berri ona Eguberrietan. Harrezkero, Vancouverreko euskaldunek ere albiste bera eman izan digute. "Euskaldunon Egunkaria"k ere zabaldu zuen hotsa. ARGIAko hau baino lehen, berriz, "Ostiela"k ere jaso zuen liburuaren berria. Ingelesez dugu liburua baina gaztelaniaz eta euskaraz izango dugu udazkenean, okerrik ez bada. Orduan euskaldun gehiagok irakurri ahal izango du gu barrutik ikusi gaituen amerikarraren liburua. Atzerritarra izanda ere Mark Kurlanskyk bertakook erabiliko genituzkeen erreferentziak erabiliz idatzi du gure iraganaz eta orainaz. Erbestekoa izanagatik, gure begiez idatzi du, handikeriarik gabe. Hainbeste zabor botatzen diguten garaian estimatzekoa da Kurlanskyk digun maitasuna. Reno-Nevada Unibertsitateko euskal bildumako liburuak genituen lehen ingelesez gure herriaren ikuspegi aski orekatua ematen zutenak. "The Basque History of the World" honek, berriz, Renoko testuen mugak hautsi (EEBBetan baino ez dira zabaltzen) eta gure artean dibulgazioa izango duen liburua izatea lortu du. Beti da interesgarri besteek nola ikusten gaituzten jakitea. Guk geure buruak hobeki ezagutzeko modua da. Horregatik ere irakurri beharrekoa da Mark Kurlanskyren "The Basque History of the World"