argia.eus
INPRIMATU
LIMO- EDO PADURA-IRLAK
2000ko ekainaren 25
KOSTALDEKO IRLA MOTA hauek soilik itsasadar eta estuarioen barruan aurkituko ditugu. Hauen jatorria, ibaietatik datorren ur-geza eta mareen bidez itsasadarretan gora eta behera dabilen ur gaziaren arteko nahasketan bilatu behar da. Nahasketa honen ondorioz, bai ibaietako urak, bai itsasokoak garraiatzen dituzten limo eta buztin kantitate handiak agregatu txikietan elkartzen dira eta estuario eta itsasadar hondoetan metatzen dira. Denborarekin, sedimentazio-prozesu honek itsasbeheretan agerian gelditzen diren limo-lautadak eratzen ditu. Jarraian, mareen gorabeherek eta uraren gazitasun aldakorrak ezartzen dituzten bizi-baldintza gogorretan bizirauteko moldatuta dauden landare halofitoak limo-hondartza hauek kolonizatzen hasten dira. Beraiei esker, sedimentazio-prozesua nabarmen azkartzen da.
Sedimentuen mailak itsasgoren maila gainditzen duenean limo-hondartza hauek landare gehiago bizitzeko baldintzak eskaintzen dituzte eta paduretan bilakatzen dira. Egoera honetan, mareen korronteak paduren zehar igotzen eta jaisten jarraitzeak kanal-sare konplexuak eratzen ditu. Sarritan, kanal hauek tamaina desberdinetako padura-zatiak isolatuak uzten dituzte eta limo-irlak edo padura-irlak izenez ezagunak diren irlak sortzen dira.
Irla hauek oso ezegonkorrak dira, aipatutako eraketa-prozesuak etengabe aldatzen baititu hauen itxura eta dimentsioak. Limo-irla hauen agerpena eta desagerpena itsasadarretan ohiko fenomenoa da. Hala ere, Euskal Herriko zenbait itsasadar eta estuariotan, kasu gehienetan gizakiaren jardueraz lagunduta, denboran zehar iraun duten hainbat limo-irla egonkorragoak daude eta horregatik, euskal kostaldeko irlen errepaso honetan sartzea interesgarria iruditu zaigu.
Limo-irletako bizitzari dagokionez, limoak elikagaietan oso aberatsak izan arren, mareen ondoriozko ur eta gazitasunaren aldakortasunak eta limoen oxigeno urritasunak bizi-baldintza gogorrak ezartzen dizkie bertan bizi nahi duten animalia eta landareei. Muturreko baldintza hauei aurre egin ahal izateko, bertako bizidunek moldaera bereziak garatu behar izan dituzte eta horregatik balio ekologiko handiko espezieak direla onartzen da.
Landareen artean, aipagarriak dira alga itxura duten Zoostera generoko landareak, limo-hondartzak kolonizatzen lehenengoak izaten diren Spartina generoko gramineoak, gazitasun handiko inguruetan bizitzeko moldatu diren Salicornia edo Arthrocnemum generokoak, Halimione portulacoides, Triglochim maritimum...
Animaliei dagokienez, aipagarria da limoek azaltzen duten ornogabeen aberastasuna. Izan ere, ornogabe hauek dira ingurune hauetako hegazti- eta arrain-komunitate jorien elikagaien iturri nagusia. Hegaztien artean, substratu bigunetan mugitzeko eta harrapakinak bilatzeko moko eta hanka luze eta indartsuak azaltzen dituzten limikolo edo zangaluze txikiak ditugu limo-irla hauen hegaztirik ezagunenak. Dena dela, ardeidoak (lertxun, lertxuntxoak, amiltxoriak...) edo anatidoak (ahateak, zertzetak, antzarak...) ere, sarritan ikusten dira limo-irla hauetan edo inguruetan