argia.eus
INPRIMATU
LIMIKOLOAK: ISTIL ETA LOKATZETAKO HEGAZTIAK
2017ko azaroaren 28a
Limikoloak edo zangaluze txikiak sakontasun txikiko uretan bizi eta substratu biguneko ornogabeez elikatzen diren hegazti txiki eta ertainak dira. Bizimodu honengatik, Euskal Herriko itsasadar eta estuarioetako ohiko hegaztiak dira, batez ere migrazio-garaietan (udazken eta udaberrian), Europako iparraldetik Iberiar penintsula edo Afrikarantz abiatzen den limikolo-andanak gure itsasadarrak erabiltzen baititu elikatzeko eta atsedena hartzeko.
Inguru ezegonkor hauetan mugitu eta elikatu ahal izateko, limikoloek hainbat moldaera azaltzen dute, hala nola, hanka eta moko luze eta indartsuak edo ornogabeak istiletan antzemateko moko sentikorrak.
Euskal Herrian, 34 espezie desberdin azaltzen dituen talde zabal eta askotarikoa osatzen dute limikoloek. Hauen guztien tamaina eta itxuren aniztasuna, harrapakinak harrapatzeko garaian lehia ahalik eta txikiena izateko limikoloek azaltzen duten espezializazio handiaren adierazle dira. Substratu eta sakontasun desberdinetan aritzen direnez, eta espezie bakoitzak harrapakin zehatz batzuk harrapatzen dituenez, espezieen arteko lehia hutsaren hurrengoa da. Tamaina txikiko limikoloak (txirriak, txirritxoak, harri-iraulariak...) uraren ertzean harrapatzen dituzten azaleko ornogabeez elikatzen dira batez ere. Tamaina ertaineko limikoloak (bernagorriak, kuliskak, itsas mikak...), ordea, aldizka sakontasun txikiko uretan sartzen dira eta azaleko ornogabeak zein sakontasun txikiko hondeatzaileak harrapatzen dituzte. Tamaina handiko limikoloak (kurlintak, abozetak, zankaluzeak...), azkenik, beti uraren barruan elikatzen dira, harrapakinak galeria sakonak hondeatzen dituzten ornogabeak direlarik