argia.eus
INPRIMATU
"GAZTEAK GEHIAGO LOTSATZEN DIRA DANTZARA ATERATZEKO"
  • Joselu Ruiz de Gordoa. Joselu Anayak taldeko kidea
2007ko otsailaren 21a
Honakoa zuen zazpigarren diskoa da. Lehenengotik hona zer aldatu da, zer berrikuntza dago?
Hiru urte egon gara diskorik grabatu gabe. Denbora horretan Mugarik Gabeko Musikarientzat lanean jardun dugu eta Kantata bat ere burutu dugu Arabako eskolanientzat. Baina jendeak eskatzen zigun beste disko bat plazaratzea. Zazpigarren honek festa giroko estiloa jorratzen du beste seirek bezala. Disko honetan ordea, abesti berbeneroak, alaiak burutzeaz gain, soilik entzuteko direnak ere gehitu ditugu. Saiatu gara beraz, berrikuntzak sartzen, hala nola, folka, ska, reggaea, rantxerak eta bolero bat ere jorratu ditugu.

Diskoaren abestiak zuk konposatu dituzu. Orain arte ere zuk sortu dituzu?
Berbenako taldea garenez, besteek sortutako kanten bertsioak egiten ditugu. Dantzaldietan orduak betetzeko horrelakoak behar direlako eta jendeak eskatzen dizkigulako. Baina orain arte beti saiatu gara besteetatik bereizten disko guztietan geure-geureak diren kantuak sortuz. Azken honetan aurrerapauso bat eman dugu, lan guztiak originalak baitira.

Hogei urte daramatzazue festaz festa. Gero eta jende gutxiago dabil berbenetan dantzari. Zergatik?
Oraindik ere egoten da jendea berbenetan, baina garai batean baino gazte gutxiago dabil. Gero eta gehiago gelditzen dira tabernetan, zerbait edan eta musika entzuten duten bitartean. Gero, berbenatik igarotzean ikusten dute ez dagoela girorik eta beste taberna batera joaten dira, han gelditu gabe. Gainera, gehiago lotsatzen dira plazara dantzara irteteko. Berbenetako taldeak saiatzen gara musika tradizionalaz gain, teknoa eta abar jotzen. Baina jendea tabernetan ibiltzen da. Nere ustez ordea, hau denboraldi bat da. Gero agian, berriro lehenagokora bueltatuko gara