argia.eus
INPRIMATU
MARRAZKI BIZIDUNAK
ERICK EUSKAL HEROIA FINALEAN
  • Finalera iritsi da AITED 2000 lehiaketa ospetsuan "Erick eta erresuma magikoa" marrazki telesaila 3Dn, Pausoka ekoiztetxeak eta Dibulitoons animazio etxeak elkarlanean egina. Erick-en abenturak kontagai dituen proiektuak finantziazio bidea atzematea du orain helburu.
2021eko uztailaren 20a
Ezustea izan da izendapena, hasiera batean proiektua ez baitzen heziketa arloko lehiaketa batean parte hartzeko sortu. Xabi Puerta Pausokako Garapen eta Proiektu zuzendaria Kanadako mendebalde kostaldean dagoen Vancouver hirira joan zen bertako "World Education Market" deritzon telebista azokan aipatu proiektuarekin lehiatzeko. Eta hara non, "Erick eta erresuma magikoa" bost finalisten artean hautatu zuten. Mundu mailan dagoen saririk handienetakoa dugu AITED 2000, telebistan edo multimedia arloan zabaltzen diren heziketa egitasmoak saritzeko. AITED -Association International des Télevisions d'Éducation et de Découverte- delakoak, bere egoitza Parisen duela, bost kontinentetako telebista kate andana ditu kide, esaterako, Estatu Batuak, Kanada, Brasil, Argentina, Mexico, Frantzia, Britainia Handia, Japonia, Korea, Zeelanda Berria, Maroko, Tunisia eta Senegalekoak.


INGUMA ETA TROLL ARTEAN.

Pausokak telesailaren eduki eta hari narratiboaren ardura hartu duen bitartean, Dibulitoon Irungo animazio enpresak sormena eta garapen grafikoa egin du. Atal pilotoaren gidoia Beatriz Isok idatzi du eta Daniel Torresek, aldiz, gidoien koordinaketa hartu du. Ekoizle exekutiboa Pausokako Joxe Portela da eta ekoizpen zuzendaria Itziar Lauzirika. Zuzendariak berriz, Alberto Gerrikabeitia eta Dibulitooneko Angel Alonso. Azkenik, animazioa Ricardo Ramonen esku izango da.
Hona hemen telesailaren sinopsia: Erick ume koskorrak, bere onginahia eta botere magikoak alde dituela, indar gaiztoei aurre egin beharko die, alegia, gerra, gosea eta izurriteari, "garai ilunen" amaieratik giltzapeturik egon ondoren, kutxatik alde egin dutenak. Orain, indar gaiztoak inguma, maitagarri, troll eta trasgoen bizileku den "erreinu magiko"an sartu eta munduaren jabe bihurtu nahian dabiltzala, Erick-ek ate zurian barrena joan beharko du nonbait ezkutatua dagoen "Itxaropena"ren bila, beti ere Safimol maisuaren aholkuak jarraituz. Halaxe, heroien mitoak, maitagarri ipuinen izpiritua eta magiaren mundua euskarri gisa erabiliz, gaztetxoen irudimena hegan aise jarri dadin lortu nahi dute. Bestetik, umeen liluragarri izateaz gain, eurentzat ikasbide diren giza baloreak ere nabarmentzen dira telesailean, hala nola, amodioa, inbidia, berekoikeria, alferkeria, elkartasuna, arrazen integrazioa, nork bere burua onartzeko beharra, laguntasuna...


IKUSTEKO ITXOIN BEHAR.

Era berean, proiektu berbera "Forum Cartoons" sariketan lehiatzeko izan da aukeratua. MEDIA programak antolaturiko foro hau topaleku aparta da animazioan interesa duten Europako ekoizle, inbertitzaile eta programatzaileek lanak saleros ditzaten. Hain zuzen, 600 milioi bat pezeta (24 milioi libera) balio du 30 minutuko 26 atal egiteak. Hori dela eta, TVE eta Antena 3 kateetara jo dute Pausokakoek egitasmoa eros diezaieten. Finantziazioa lortuz gero hortaz, "Erick eta erresuma magikoa" 2002. urtean izan liteke ikusgai. Bien bitartean, Dibulitoons-ekin egindako elkarlanaren emaitza ikusita, "Alex eta Alexis" eta "Maroons" animazio telesailak ekoizteari ekin diote