CORCEGATIK KORSIKARA

  • Askotan bezala, besteren proposamenaren untzian polizoi sartuta iritsi nintzen bertara. Fundamentu pittin bat zuten lagunei eskerrak, udaberrian bidaia-txartel eta abarrak lotu antza utzi genituen. Ez zegoen atzerako aukerarik; bat, bi eta hiru, Korsikara!

2000ko ekainaren 25an
Uztailak hiru zituen, San Fermini "aio" esan eta antena puntaraino trastez beteriko "Citroen Berlingo" batean, gure garraio-bide, aterpe, almazen eta hotel izango zen etxetxo urdin hartan, artean guretzat Corcega zenera hiru lagun abiatu ginenean. Biderik luzeenaren hautua egin genuen. Corcegarako itsas-saltoa Marsella edo Nizatik egin ordez, Italiako Pisaraino autoz joan ginen, "bide batez" lagun zaharrak agurtu eta pasta eta kafe ona probatzearren. Uztailaren 8an, "Gora San Fermin!", lepoan zapi gorria lotu eta Livornoko portuan autoa eta gu "zodiac" erraldoi gisako baten barrunbeetan murgildu ginen, ordu pare baten buruan, ohartzerako, italiarren ahotik jada Korsika, "La corsica" bihurtua zen lurrean lehorreratzeko.


KOLORE PUZZLEA

Dagoenik ere, bat askotan gogoratzen ez den herri horietako bat da Korsika. Joan bitartekoa da, hala ere, inpresio hori, behin ezagututakoan ez baita nola hala ahazten. Uhartea txikitxoa da, bizilagun duen Sardiniaren ondoan bai behintzat. 160 kilometro luze eta 40 eta kosta zabal gutxi gorabehera eta liburuetan miatu gabe. Adar formako lur-mutur bat ipar aldera, Frantziako kostaldetik urre; irla goitik behera ebakitzen duen errepide potolo bat ekialdean; hiririk... hiri esateko modukorik, apenas...; herriak, hor nonbait, ez gehiegi eta zipriztinak bezala han-hemenka; erdialde menditsua eta mendebal eta eki itsas-ertzak arrunt ezberdinak: lehena harkaiztsua, basatiagoa, mendi arteko kalatxoz josia, eta bigarrena, zonalde lauagoa, hare zuridun hondartza paradisiakoen katea, turistaz ondo kutsatua.
Korsikako txanpon ofiziala libera izan, Joan Carlosen muturjearen bileteekin doanarentzat garestitxo gerta daiteke, gure gisa, etxea bizkarrean hartuta joan ezean. Korsika den eremu txikian naturak erakustaldi ikusgarria egiten du, bere soinekorik anitzen eta dotoreenak azalduz; zenbat usain, kolore, paisaia... Kontinente eta klima ezberdinetako puskatxoz osatutako maketa erraldoi bat dirudi, puzzle zoragarri bat.


TTUR-TTUR

Iparra, iparra izan zen gure lehenengo norantza, hasi orduko ez txoratzearren. Gure oskol urdinaren garraio, janari, arropa, kometa, baloi eta alferrikako traste, "tetris"a bezala, zehaztasun milimetrikoz kokatu, karta dorre baten pare, eta ttur-ttur joaten ginen bazterretara begira harik eta gauak burua oskolpera sarrarazten zigun arte. Eta lotarako, egur-ola batzuk autoaren barnean trabeska ezarri, koltxoi puzgarria haizatu, elkarren gerri eta izterren mugak esploratu eta negoziatu, eta hirurok goxo-goxo... "segi hauntzoxio!", "utzi pakian!", "enaiz kabitzen!"... lo.
Iparraldea inguru mendiskatsua da eta landaretza itxi xamarrekoa. Alde batera begira Pirinioa irudika daiteke eta bestera aldiz, Mediterranioa etengabe jarraika datorkizu. Mendi arteko txokoetan, kalatxo erdi galduak ezkutaketan jolasten eta turkesa koloreko uretan gu. Macinaghju, Ruglianu... irlaren ipar adarretik, Centuri, Morsaglia, Pinon barrena, Patrimonio ingurura egin genuen, ardoaren zonaldera. Sinbolikoki, asko iraun ez zuten botila pare bat erosi eta martxa.
Halakoxea da Korsika, mendi-gain bat igaro eta Pirinioetatik olibondoetara jaitsi ginen gisa berean, hurrengo gaina pasatzean, Castaniccian sartu eta galdu ginen. Kilometroak eta kilometroak gaztainondoen itzalpe goxoan barrena, "skalextria" baino bide bihurgunetsuago batean, zeinetan txerri koadrilak ziren jaun eta jabe, autoekin askorik larritu gabe, bide erditik pasioan zebiltzala. Azken batean, behin Asterix eta Obelix pasa ondoren, zer beldur behar zuten ba... Zuhaitz arte itxi hartan, inoiz mendi kaxkoren bat bistara azaltzen zitzaigun eta tontorrean, monasterio giroko herrixka hustu itxurako, misteriotsu eta desolatu bat. "El nombre de la rosa" filmeko eszenatoki bizia.
Turistak, gu eta beste despistaturen bat paraje honetan. Bide ertzeko trafiko seinaleak, guztiak bala zuloz dekoratuak, punteria entseatzeko diana perfektua ziren nonbait. "F.N.L.C.", "Corsica nazione", talde ezberdinen sinadura idatzia zeramaten azpialdean. Mendi-zoko itxi hartan, korsikar independentisten prentsaurrekoetako argazkiak imajina zitezkeen, euren arma eta kaputxekin.
Ez genuen bertako egoera sozial, politiko, linguistiko nahiz kulturalaren berri euren ahotik jasotzerik izan. Kontaktu jakinik gabe joan ginen eta ez autoaren EH pegatinak, ez nahi gabe ere egunero tokatzen zen kamiseta erreibindikatiboak, ez zuten inor hurbilarazi, uxatu akaso... Jakin genuen turistekin hizketarako uzkur xamarrak omen zirela, errezelo handia izaten zutela eta ez da harritzekoa. Korsoz hizketan somatu genuen jendea, barnealdean batik bat. Italiera kutsu handiko frantses moduko bat izan zitekeen gure belarrietara eta jakin genuen halaber, onarpenaren aldeko borrokan lanean ari zirela. Txerriak eskibatuz, beraz, mendebalderantz jo genuen, harrizko hondartza zabaletara. Mendiak itsaso harroaren zaindari eta ehunka metrotan, behin hippy izandako guraso "betiko gazte" horietako batzuk biluzik, euren seme-alabatxoak bainujantzia inondik erantzi nahi ezik, bakea eta gu.
Galeria izeneko "postal" honetan, kometarekin jolasean eta gure gorputz lirain biluziak itsasoari eskaintzen eman genituen bi egun. Mediterranioa guretzat oso-osorik, ur epeletako baleak sirena ginen orain, olatuen sehaskan kulunka. Dena zoragarri, gendarme mutur-luzeen "zodiac" bat guganaino heldu zen arte: "le naturisme est interdit!", "ze ostia esateu tipo honek?", "le naturisme est interdit!". Biluzik egotea galerazita omen zegoen, izorrai! Munduaren punta hartan ere...! Modeloak pasarelan barrena bezala lehorreratu ginen. Gendarmeen "zodiac"a olatu batek irauli eta goitik behera blai eginda aldegin zuten eurek. Zer espero liteke biluzik egotea galerazten den mundu batean?
"Manu Chao" eta "Martires"en zintak buelta eta buelta eta buelta, hego-mendebalerantz jarraitu genuen txangoa; Ile Rousse eta Calvi herri handixeagoan bisitatxoa egin eta Portora iristean, berriro oinarrizko kanpamentua zabaltzeko aukera heldu zen.
Iparraldeko harkaitzak berdexka baziren, Porto ingurukoak gorri-gorriak eta ilunabarreko eguzki sarreran su hartzen zuten, naturak forma ezinezkoetan diseinatutako Calanches famatuek. Turista jende gehiago topatu genuen inguru honetan: ibiltari motxiladunak, bizikletaz gora eta behera zebiltzanak (hau, oso modu egokia da Korsika ezagutzeko, sasoirik duenarentzat...), moto-zaleak, itsasontzietako handi-ustekoak, buzeolariak (Korsika euren paradisua omen), eta abar. Izan ere aukera eder bezain askotarikoa eskaintzen du Portok, lehorretik nahiz itsasoz.
Mediterranio urdinean, koloretako arraintxoen artean bainu atsegin askoak hartu izanda ere, gehien harritu eta gozatu gintuztenak, erdialdeko mendikatean behera itsaso egarriz zihoazen erreka gardenak izan ziren. Buruz salta eta igeri pittin bat egiteko adinako putzuak eraikitzen zituzten errekek, urak bidean atseden hartzeko. Mendiarte zoragarri bateko luxuzko piszina naturalak.
Izan ere, hain lurralde txikian, bada mendikate garai bat irla diagonal bat dibujatuz ebakitzen duena. 2.700 metroraino iristen da tontorrik altuena eta GR ibilbide bat bada, 13-14 egunetan uhartea alderik-alde zeharkatzeko. Egin kontu; eski estaziorik ere bada Korsikan eta bertatik 40 minuturen buruan, plastikozko botak erantzi eta itsasoan plisti-plasta ibiltzeko moduan egon gaitezke. Mendi katearen erdi aldea, Corte herria eta Restonica parke naturala, eskalatzaile eta piragua zaleen leku kuttuna da, ikusgarria.
Uztaila hil-zori zen, berriro mendebal kostarantz, Ajjacion sartu-irten sinboliko bat egin eta Napoleonen goratzarre ikurren ihesi Propianun gaua pasa ondoren azken kanpamentua Bonifaccion jarri genuenean. Bonifaccio hego-muturra da; zerua garbi dela, Sardinia ikus daiteken puntua; herri berezi eta polita; estratoetan mailaka-mailaka eraikitako arroka zurien itsas-ertza; bere harresi eta kale estu; txoko kuttuna. Honenbestez, ipar-hego dexenteko bira egina genuen eta Korsikaren inpresio bozeto bat ekarriko genuen bueltan. Eki kosta, turistaz gainezka egongo zelakoan (eta gu ondoegi ohituta), hondartza pare batean oin-urratsak mareari utzi eta Bastiaraino ia zuzenean igo ginen. Hiru asteren buruan, berriro Bastia, berriro barkua, berriro Livorno.
Metro eta erdi eskasean, hiru gorputzek elkarrekin lo egiten ikasi genuen; gure egin beharrak ia edozein lekutan egiten; euskaldunik, bat bera ere ez genuen ikusi (miraria!) eta herri zoragarri bat genekarren betirako disko-gogorrean, diapo nola-halako batzuk ordezkari zituela. Abuztuaren hiruan iritsi ginen Euskal Herrira, beltz-beltz eginda eta nola ez, euripean


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Korsika
Korsikaren autonomia estatutua: uztaila aitzin bozkatuko dute Frantziako Konstituzioaren moldaketa

Otsaila bukaeran abiatuko dute Frantziako Konstituzioaren moldaketa dakarren proposamenaren idazketa. Agendaren berri ukan bezain laster berretsi du bere baldintza Korsikako Asanbleak: "Irlako hautetsi eta eragile guztiak beharko dira idazketa fasean inplikarazi".


FLNCk bere gain hartu ditu bigarren etxebizitzen aurkako 27 eraso

Mediterraneoko uharteko bigarren etxebizitzen kontrako ekintzak bere gain hartu ditu Korsikako Nazio Askapenerako Fronteak (FLNC). Igandetik astelehenerako gauean gertatu dira eta aurretiaz ere bestelako eraso batzuk aldarrikatu zituen abuztu hasieran.


Macronek autonomia eskaini dio Korsikari, Frantziako Errepublikaren barruan

Frantziako Konstituzioan Korsikaren izaera berezia jasoko luke artikulu batek. Presidenteak hezkuntzan korsikera bultzatzeko asmoa iragarri du, baina ez hizkuntza ofizial bihurtzeko.


Korsikak autonomia legegilea eskatu dio Parisi, inoizko babesik zabalena lorturik

Autonomisten eta independentisten arteko deliberazio komuna lortu dute, eztabaida, gatazka eta negoziaketa luzeen ondotik. 63 hautetsietatik 46k alde bozkatu dute, oposizioko Un Soffiu Novu-k aurka bozkatu du eta Corsica Libera talde independentistako bat abstenitu da, Josepha... [+]


Korsikako Asanbleak uztailaren 4an adostu beharko luke Frantziari proposatuko dion autogobernu heina

Korsikaren burujabetzari buruzko saio berezia eginen du uztailaren 4an irlako asanbleak. Bitartean, eskatu beharrekoari buruzko adostasun batera heldu nahian dabiltza alderdi abertzale ezberdinak.


Eguneraketa berriak daude