argia.eus
INPRIMATU
Aitor Arana
"NIRE BURUA EZ DUT MUGATZEN SEXUAZ IDAZTERAKOAN"
  • Txalapartaren Literotura bildumako "Onan" liburuaren egilea.
2007ko otsailaren 21a
Nolatan otu zitzaizun Onan nerabearen hastapen sexualei buruzko istorioa idaztea?
Euskal literaturan gay literaturako libururik ia ez daukagu. Nik neure burua ez dut mugatzen idazterakoan, ez zientzia-fikziozko edo beldurrezko narrazioak idazteko momentuan, ez sexu kontuetan. Jarrera hori eta hizkuntz normalizazioak aurrera egiteko nahia uztartzearen fruitu da eleberria.

Onanek bere osabaren laguntzaz ezagutuko du sexua. Haren aholkuak asko aldentzen dira sexu heziketako klaseetatik.
Gaztetxoek ez dute etxean sexuaz hitz egiteko ausardiarik izaten, guraso askok ere ez. Osabaren pertsonaia oso garrantzizkoa da sexuaz askatasun osoz hitz egiten duelako, pertsonaia hori etxeetan edukitzen dugun hutsune hori betetzera dator. Ni konbentzituta nago etxeetan beste jarrera irekiago bat edukiko bagenu gurasoengandikoa eta gurasoenganakoa, askozaz zoriontsuago izango ginatekela.

Nerabeentzako liburua al da?
Helduei edo heldutxoei zuzenduta dago. Baina nerabe batek hartu eta gogoko badu, nerabeentzako ere bada nire ustez, eta beste nerabe batek gustukoa ez badu, bada bazterrean utzi dezala lasai-lasai. Bakoitzak bizitzan dauzkan ideia eta balioen arabera, izango du gustukoa edo ez.

94an ipuin liburu erotikoa plazaratu zenuen, Literotura saila sortu da... Nola ikusten duzu genero erotikoaren etorkizuna?
Nik genero horren garapena jendearen askatasunari lotuta ikusten dut. Gizarte honek gauza askotan murriztu eta hegoak moztu egiten dizkigu, eta zer esanik ez, sexu kontuetan. Zenbat eta lorpen gehiago eskuratu sexualitatea askatasunez bizitzeko, orduan eta askeagoak izango gara