argia.eus
INPRIMATU
AUTOAK
AUTORIK GABEKO EGUN SOLTEAK
  • Kotxeak hirian duen boterea gelditu nahian dabiltza agintariak batetik, eta gizartea bestetik. Agintariek hartutako neurriek dute pisu gehien. Europako erakundeek bultzatuta antolatu da irailerako "Hiria nire kotxerik gabe" ekimena. Horrelako ekimenak ordea, urtean zehar egun bakanetan burutzen dira.
Izaskun Jauregi 2021eko uztailaren 15a
Igande bat kotxerik gabe" ekimena 1974. urtetik egiten da. Alfonso Sanzek dioenez, energi krisiari aurre egiteko sortu ziren horrelako ekimenak Europan. Baina desagertu egin ziren oraingo berpizkundera arte. Orain martxan jartzeko arrazoia ordea, ezberdina da: "autoa hiria suntzitzen ari dela", alegia. Europan hainbat lekutan egin izan dira horrelako ekimenak azken bizpahiru urtetan. Italian adibidez, "Kotxerik gabeko igandeak" egiten dituzte hiri garrantzitsuenetan. Esaterako, apirilaren 9an egin zen ekitaldian 174 hirik hartu zuten parte. Ingalaterran, autoz lanera joaten diren langileen kopurua dela eta, zenbait lantokietako zuzendari eta jabeek erraztasunak ematen dizkiete langileei txirrindua eta garraio publikoa erabiltzeko; are gehiago, Nottinghamen zenbaitek dirua ere jartzen du oinezko eta txirrindularientzako bideak sortzeko.
Frantzian, kutsadura maila handia denean, hura saihesteko, beste neurri batzuren artean, matrikula bikoitiak edo bakoitiak dituzten autoak ibiltzea debekatzen dute agintariek.
Espainian ere egin izan dira ekimenak. Valladoliden esaterako, zenbait igandetan trafikoa galerazten da hirigunean. Donostian, maiatzaren 28an lehenengo aldiz Kontxako Pasealekuko bi karril itxi ziren, bertatik oinezkoak eta txirrinduak ibil zitezen. Beste bietatik taxiak eta garraio publikoak igaro ziren, baina auto partikularrik ez. Ekaina guztian zehar igandero burutuko da ekimen bera. Udaletxetik diotenez kotxeek betetzen duten lekua murriztea da helburua. Azpihelburua aldiz, hiriaren erdigunetik igaro gabe, gidariek beste errepideak erabil ditzatela. Bilbon azken ekimena ekainaren 10ean burutu zen. "Bilbon bizi" lemapean 500 bat txirrinduzalek hiriaren erdialdetik egin zuten ibilaldia, kotxe gutxiko hiriaren alde apustu eginez.


EUROPAKO EKINTZA BATERATUA.

Aurten lehen aldiz egingo da Europa osoan ekintza bateratua. Irailaren 22an "Hiria nere kotxerik gabe" eguna burutuko da Europako erakunde eta estatu ezberdinek adostuta. Espainian Energia Aurrezteko eta Dibertsifikatzeko Institutuak -IDAEk- antolatu du. Oraingoz hogeita bi hirik burutuko dute ekimena, gehienak probintzien hiriburuak. Hego Euskal Herrian, Donostiak eta Iruñeak onartu dute jada ekimena. Gasteiz eta Bilbo egon dira antolakuntza bileretan, eta oraindik erantzunik eman ez duten arren, seguru aski baiezkoa izango da.
Konpromisoa hartu ondoren, hiri bakoitzak erabakiko du zer egin egun horretan. Baina jarraipen batzordeak sortu dira hiri bakoitzean egingo dena begiztatzeko, iaz Katalunian eta Madrilen antolatu zen "Autorik gabeko eguna"n gertatutakoa ez errepikatzeko. Madrilen zirkulazioa %3 besterik ez zen gutxitu, Bartzelonan aldiz, ohiko erabiltzaileetatik %23k etxean utzi zuen autoa. Ondorioz, bi hirien arteko polemika sortu zen. Antolakuntza falta saihestu nahi da aurtengo "Hiria nere kotxerik gabe" egunean. IDAEk garraiatzeko modu tradizionalak mugatu eta modu berriak sustatu nahi ditu. Eguzkiko Garikoitz Plazaolak dionez ordea, "Zerbaiti egun bat eskaintzea, larritasun egoeraren seinale da", eta ez du ezertarako balioko egun horretaz aparte esfortzu berezirik ez bada egiten