Azken aste honetan ezagutu ditugu EAEko ekonomiaren inguruko datuak eta OCDEren (Ekonomi Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) ekonomi hazkundearen inguruko aurreikuspenak. Hemen sartzen dira 29 herrialde industrializatuenen datuak, eta bertan Frantziako eta Espainiako Estatukoak. Urteko lehen hiruhilabetekoan EAEko ekonomia %4,5 hazi dela esan zaigu. OCDEk %4koa aurreikusten du 2000. urterako eta %3,5ekoa 2001erako. Berri garrantzitsuak dira, baina errealitate sozial bat ezkutatzen dute. Ekonomi hazkundeak ez du derrigorrean enplegu hazkundea esan nahi, ezta langabeziaren eta bazterketa sozialaren desagerpena ere. Gobernuek lan egin beharko lukete hazkunde hori lanpostu berrietan bilaka dadin, eta lan baldintza hobeetan, eta bazterketa sozialaren desagerpenean. EAE eta Nafarroako parlamentuek Gizarte Soldataren auzia argitzeke dute oraindik, eta bertako politikariek lan handia egiteko. Nahikoa murritza den lanbide arteko gutxieneko soldataren adinako gizarte soldata da gutxienez ziurtatuko beharko luketena