argia.eus
INPRIMATU
GUGGENHEIM DOKUMENTALA
"BILBONHEIM" EFEKTUA IKUSGAI
  • Canal + eta ETBren arteko elkarlanaren emaitza dugu "Guggenheim konstelazioa" dokumentala. Artea eta museoen zeregina ezagutarazteko asmoz, Bilbo, New York eta Venezian grabatu da. Bilbo hiriaren 700. urteurrena dela eta, ETBn estreinatuko da hilaren 17an.
2000ko ekainaren 11
Inoiz ez bezalako indarra du egun Bilbok. Guggenheim museoaren eraginez, neurri handi batean, nazioarteko oihartzunak turismoa erakarri eta ekonomiari bultzada eman dio. Halaxe, Guggenheim izpiritua atxikiz, dokumentalak ibilbide ikusgarria egiten du Bilbo, New York eta Veneziako museoetan barrena, inspirazio iturri duten filosofiaren berri ere emanez, hau da, erakusketa areto soila baino harantzago doan kontzepzioa azaltzea. Hain zuzen, Guggenheim fundazioak arte garaikideko bildumarik interesgarrienetakoa izanik, saioaren xedea ikusleei aukera bat ematea da artearen unibertsoa uler dezaten, beti ere museoen zeregina eta hedapen kulturala nabarmenduz.
Arkitektura dugu dokumentalaren muina. Frank Gehry Nerbioi ibaia ondoan sortu zuen eraikinaz mintzo da. Sona handiko arkitektoa New Yorkeko museoaren egoitza berri baten proiektuan murgilduta dagoela, Los Angeleseko bere etxetik eraikin sinboliko hau asmatzeko jarraitu zuen prozesua argitzen du, baita bere ikusmoldea eman ere arkitektura, margoa eta eskulturaren arteko loturaz. Halaber, Cesar Pellik bere iritzia emango du, Abandoibarra eremuan berak egin diseinua Frank Gehry-ren obrarekin lehiatuko baita aurki. Museoko zuzendaria den Thomas Krensek ere "Guggenheim filosofia" izango du hizpide.


PEGGY ETA FRANK BERPIZTUTA.

Fikziozko keinua ere badu dokumentalak, non errealitatetik abiatuz, Guggenheim filosofia ezarri zuen jendearen lorpen eta irrikak irudikatzen diren, zenbait aktorek antzeztuta. Hala, Guggenheim fundazioaren historia azaltzeko, Solomon R. Guggenheim sortzailea, Peggy Guggenheim bere iloba, arte zale amorratua eta bildumaren bultzatzailea, Hilla Rebay margolari alemaniarra, Solomon R. Guggenheim-i arte garaikidearekiko grina piztu ziona, eta azkenik, Frank Lloyd Wright New Yorkeko museoaren arkitektoa aukeratu dira. Lau pertsonaia hauen testu, idatzi eta adierazpenen bidez, bildumak 30, 40 eta 50eko hamarkadan izan zuen bilakaera agerian uzten da. Dramatizazio hauei esker hortaz, dokumentalean Hilla Rebay-en eragina ikusiko da Solomon R. Guggenheimek antzinako artearekiko zaletasuna utzi eta arte ez objektiboa erosteari ekin ziezaion, Kandinskyren abstrakzioa begiz jota, batik bat. Peggy Guggenheim-i dagokionez, bere bizitzaren une erabakiorrak islatzen dira, hala nola, Rebay-ekin istilua izan zuenekoa artearen funtsa eta zereginaren inguruan, eta New Yorken "Art of this century" aretoa inauguratu zenekoa. Azkenik, Frank Lloyd Wrighten azalean sartu den aktorearen bidez, New Yorkeko museoa 1950an eraikitzeak eragin zuen zalaparta gizarte, eta kultura mailan ikusten da.
Diego de la Sernak zuzendua, Vicente Moraren gidoi baten oinarritua, ekoizpen ostean irudien aberasgarri diren kolore eta formak kutunki erantsi dira. Gisa horretan, estilo arras ezberdina duten sei margolarik dokumentalari estetika berritzailea eman diote. Esate baterako, errealitatea eta fikzioa bereizteko orduan, interpretazio grafiko handiagoa erabili da aktoreen aurpegi, hondo eta gorputzek originalaren antza izan dezaten. Gainontzean, marrazkiek askoz presentzia txikiagoa dute, nahiz eta deigarriak izaten jarraitu