HAIZEAK ARROTUTAKO ANGELUKO DUNAK

  • Euskal Herriko kostaldea itsaslabarrak eratzen dituzten harriez osatuta dago batez ere. Itsaslabar hauen oinarrietan hondartza txikiak sortzen dira eta soilik Bizkaiko Golkoan amaitzen diren ibaien itsasadar estuek hausten dute itsaslabarren lerroa. Hala ere, euskal kostaldeak eredu orokor honetatik at gelditzen den zati txiki bat dauka, Miarritzeko San Martin lurmuturretik Atturri ibaiaren bokaleraino luzatzen den kostalde zatia, hain zuzen ere. Landetako kostalde hareatsuaren jarraipena den kostalde zati hau haizeak eratu eta mugitzen dituen itsasbazterreko dunez osatuta egoteagatik bereizten denez, Euskal Herriko kostalde labartsuaren aldean, salbuespen interesgarria da. Angeluko Txiberta eta Blancpignon auzoetatik igarotzen den txango honetan euskal kostaldeko txoko berezi honen balio naturalak eta hauengan gizakiak eragin dituen kalteak eta eraldaketak ezagutzeko aukera izango duzue.

2000ko ekainaren 04an
Normalean duna hitzak Sahara edo Kilimanjaro bezalako basamortuak gogora ekarri arren, haizeak garraiaturiko edozein hondar-metaketa izendatzeko balio du dunak. Basamortuetan ez ezik, kostalde baxuetan ere, agertzen dira. Ekaitz eta tirain handiko egunetan, uhinek harri eta harkoskorrak jaurtitzen dituzte itsaslabarren aurka, hauen higadura eta harrien txikiketa eraginez. Prozesu honen bidez, tamaina desberdinetako sedimentuak lortzen dira. Arinenak itsasoak eramaten ditu eta nolabaiteko sakoneran jalgi egiten dira. Harea eta legarra, ordea, kostaldean gelditzen dira eta hondartzak eratzen dituzte.
Hondartzetan, lau zati bereiz daitezke: beti urpean dagoen hondartza barrena; itsasgora eta itsabeheraren artean gelditzen den marearteko hondartza; soilik marea bizietan urpean gelditzen den hondartza aurrea eta inoiz urpean gelditzen ez den duna mugikorrez osatutako hondartza gorena. Dunetan, gainera, bi alde bereiz daitezke: haizearen eraginez etengabe mugitzen ari diren duna hasberriak eta atzerago agertzen diren finkatutako dunak.
Angeluko kostalde hareatsuan barna dabilen txango honen bidez, balio naturalak ez ezik, historian zehar ingurune ezegonkor hauek finkatzeko gizakiak burutu duen borroka ere, ezagutu ahal izango duzue. Abiapuntura iristeko modurik errazena Baionaraino iritsi eta hemen Atturriren ezkerraldetik Angeluko hondartzetaraino doan errepidea hartzea da. Autoa Atturriren bokalean bertan dagoen Angeluko Izotz-Jauregiaren aparkalekuan utzi. Hemendik itsasbazterra jarraitzen duen pasealekua hartu. Duela urte batzuk, pasealeku honek, dunetako landareez osatutako duna hasberrien zati handi bat suntsitu zuen. Zorionez, pasealekua ez zuten bukatu eta landaredi harrigarri hau mantentzen duen hondartza zati bat badago. Honen gainetik jarraituko da txangoa. Zarauzko dunekin gertatzen den moduan, garai batean duna hasberriek betetzen zuten hedaduraren zati handi bat, egun golf zelai batek betetzen du. Honek duna eta bertako landarediaren galera handia eragin du, baina, era berean, beste tokitan azken muturreraino iritsi den kostaldearen urbanizazioa gelditzea lortu du. Golf zuloetako belar zainduaren ondoan, turisten zapalketaz babestuak gelditu diren duna zabalak mantendu dira.
Alderdi honetatik igarotzerakoan landaredi interesgarri eta berezi hau erreparatzera animatu nahi zaituztet. Lehenengo begiradan edozein belar badirudi ere, arretaz egindako behaketak ingurune zail hauetan bizirauteko bertako landare espezieak garatu dituzten moldaera harrigarriak erakutsiko dizkizue.
Duna hasberrien gainetik, golf zelaia azpitik zeharkatzen duen pasabide batekin topo egin arte jarraitu behar duzue. Pasabidetik igaro ondoren, duna hasberrien atzealdeko egitura oso ongi mantentzen duten hare-mendiska ederrak ikusi ahal izango dituzue. Puntu honetan, Dunetako etorbidearekin topo egingo duzue. Txalet eta etxetxoez betetako urbanizazioan zehar ibiliko zarete orain. Azken urteetan kostalde honetan turismoak hazkunde ikaragarria ezagutu du. Horren ondorioz, duela gutxi arte duna mugikorrez eta pinudiez betetako inguru honek urbanizazio prozesu azkarra pairatu du. Euskal Herriko dunarik zabalenak eta aberatsenak azkenetan gelditu dira.
Aipaturiko etorbidetik jarraituz, laster Hondartzetako boulevardera iritsiko zarete. Hau gurutzatu eta Marcel Chassagnyren etorbidea hartu behar duzue. Gero, Lakuaren etorbidera iristerakoan eskuinerantz hartu, Txibertako lakuraino iritsi arte. Jatorriz, Landetako itsasertzeko laku handi eta ezagunen modura, hondarrak Atturriren bokalea ixtearen ondorioa den laku hau eta txangoaren bukaeran ezagutuko dituzuen Barreko aintzirak, gaur egun, gizakiaren eraginez erabat eraldatuta agertzen zaizkigu eta zaila da, beraz, hauen jatorrizko ezaugarriak antzematea.
Txiberta lakuko parkearen sarreran ezkerretara hartuko dugu, Txibertako etorbidetik, "Pignada" izenez ezaguna den Angeluko pinudi handira iristeko. 220 Ha. inguruko baso honen jatorria, duela hiru bat mende, dunen mugimendua gelditzeko Landetan martxan jarri zen itsas-pinuen landaketan bilatu behar da. Gaur egun, ordea, pinudi hau BAM (Baiona-Angelu-Miarritze) distrituaren aisialdirako parkea bilakatu da. "Pignada"n sartu eta hasieran seinale gorriez balizatutako bidea jarraitu behar duzue. Bidegurutze batera iristerakoan ezkerretara hartu eta seinale berdeak jarraitu. Bide honetatik Angeluko Blancpignon auzora iritsiko zarete. Lehenengo etxeak igaro bezain laster, Esquiroren zumardia hartu behar duzue eta, hau amaitzen denean, zuzen jarraitzen duen Elizaren zumarditik, Atturriko etorbidera aterako zarete (aparkalekura iristeko erabili duzuen errepidea). Hau gurutzatu behar duzue eta Printze Inperialaren pasealekutik "Lazaret" izena duen pinudi txikira iritsiko zarete. Atturriren ondoan altxatutako 60 metro inguruko duna baten gainean kokatutako pinudi eder honek Baiona eta Atturriren itsasadarraren ikuspegi paregabea eskaintzen du. Udaberrian, bidezidor estuetatik paseatzerakoan, ez da zaila okilek enborren aurka mokoarekin jotzerakoan egiten duten danbolinaren moduko soinua entzutea. Habia egiteko garaia iritsi denaren seinale.
Lazareteko pinuditik irteteko bide nagusira atera behar duzue eta hemendik iparraldeko irteerarantz abiatu. Pinuditik atera bezain pronto, ezkerrerantz hartu eta Artisauen eta Kirolen zumardietatik berriro Atturriren etorbidera iritsiko zarete. Hau berriro gurutzatu eta ezkerrerantz hartu Faisaien kalearekin topo egin arte. Honetatik igo behar duzue eta Gabriel Péciren zumarditik berriro "Pignadan"n sartuko zarete. Oraingoan seinale horiak jarraitu behar dituzue. Bidegurutze batera iristerakoan kirol kairantz abiatzen den seinale gorriez balizaturiko bidea ezkerrerantz hartu eta hurrengo bidegurutzean seinale gorriak utzi eta ezkerretara joan, berriro Barreko etorbiderantz. Kirola egiteko ongi hornituta dagoen pinudi ederraren barrutik igarotzerakoan, inguruan kantari ari diren txorietan erreparatzea merezi du. Kaskabeltzek, amilotxek, gerri-txoriek, garrapoek, erregetxoek, txioek eta era honetako txoriek pinudi hau erabiltzen dute habia egin eta txitaldiak aurrera ateratzeko. Barreko etorbidera iristerakoan, gurutzatu eta eskuinerantz jarraitu, ezkerrean Pagausoen (Ramiers) etorbidearekin topo egin arte. Etorbide honetatik jarraituz, Hondartzetako boulevarderaino iritsiko zarete berriro. Gurutzatu eta aurreko bidezidorretik jarraitu. Berehala Barreko aintzirak topatuko dituzue. Oraindik gogoz bazaudete, aintzira hauek inguratzea gomendatzen dizuet. Aintziren ertzetako zuhaiska eta sasietan pitxartxarrak, buztangorriak, txinboak... ikusteaz gain, migrazio garaietan (udazkena eta udaberrian) uretan eta ur bazterretan ahateak, limikoloak, txenadak eta era honetako hegazti urtar migratzaile desberdinak ikustea ez baita batere zaila. Aintziren inguratzea amaitzerakoan autoa utzi duzuen lekuan egongo zarete berriro
DUNETAKO LANDAREDIA
Dunetako landareak hondartzetako bizi baldintza gogorretan irauteko gai dira. Espezieek moldaera harrigarri eta interesgarriak garatu dituzte ingurune zail hauetan bizirauteko.
Hauek dira, besteak beste, dunetan landareek aurkitzen dituzten bizi baldintzak:
- Hondarra ezegonkorra da eta erraz mugitzen da haizearen eraginez.
- Haize handiko lekuak dira.
- Hondarraren artean ura beherantz oso azkar joaten denez, ingurune oso lehorrak dira.
- Itsasoaren eraginez, atmosfera oso gazia da.
- Intsolazio handiko lekuak dira.
Arazo hauei aurre egiteko dunetako landareak hainbat moldaeraren jabe egin dira. Ondokoak dira aipagarrienak:
- Tinko mantendu eta ura lortzeko sustrai luzeak.
- Atmosferako gazitasunari aurre egiteko eta ur gazia erabili ahal izateko Cakile maritima edo Honckenya peploides espezieek ehunak lodituak azaltzen dituzte.
- Eguzki-izpiak islatu, uraren galera murriztu eta euri-tantak atxikitzeko Medicago marina bezalako landareek ile ugari dute hostoetan.
- Hondarraren mugimenduak eragiten dituen etengabeko lurperaketak eta azaleratzeak saihesteko batzuk zurtoin zinbelak dituzte; beste batzuk erreserbak gordetzeko organoak garatu dituzte eta azken batzuk enborrak arrastaka dituzte, hedadura handia hartuz, beti zatiren bat lurperatu gabe gelditzea lortzen dutelarik


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Angelu
2023-09-15 | ARGIA
Mintzalasaik astebetez euskaraz aritzeko egitaraua prestatu du Baionan eta Biarritzen

Mintzalasai taldeak, hamabigarren aldiz, Baiona, Biarritz eta Angelurako zazpi eguneko egitaraua prestatu du. Irailaren 18tik 24ra izango da. Euskaldunek euskaraz aritzeko guneak izatea du helburu, baita euskaraz ez dakitenak hurbiltzea ere.


Biriatuko muga itxi dute kamioientzat sute larri batengatik eta auto-ilarak eragin ditu

A-8 eta A-63 autobideen arteko pasabidea ixtean auto-ilarak sortu dira. 6.200 hektareatik gora erre ditu abuztuaren 10ean Girondan (Frantzia) piztutako suteak. Landerara ere iritsi da eta 10.000 lagun inguru ebakuatu behar izan dituzte.


Etxebizitzaren arazoa jendarteratzea lorturik, bukaera emanen diote Angeluko okupazioari

Zazpi egunez iraun du Angeluko Amodioaren Ganbara hondartza inguruko luxuzko etxebizitzen okupazioak. Egun osoko egitaraua prestatu du Ostia kolektiboak ostegunerako.


2021-09-27 | ARGIA
Angelun bizikletaz ibiltzeko bide seguruak eskatu ditu Bizi Mugimenduak

Eguneroko joan-etorrietarako bizikleta garraio erabiliagoa izatea aldarrikatu dute, kutsadurari aurre egiteko. Ehunka txirrindularik bizikleta martxan Angeluko auzapezari eta Mugikortasunen Sindikatuko lehendakariari neurriak hartzeko eskatu diete.


Ipar Euskal Herriko turismo ereduaren aurkako elkarretaratzea egin dute Angelun

Turismo masiboak dituen eragin sozial eta ekologikoak salatu dituzte Cinq Cantons auzoko turismo bulegoaren parean, ekainaren 22an. 


Eguneraketa berriak daude