Bilboko Portuaren handitzeak (bigarren fase bat izango du), ekonomiaren egoera onak jarraituz gero izango den untzi trafikoaren areagotzeak (egun 4.000 untzi sartzen da urtero) eta oraingo eta etorkizuneko premiei erantzuteko behar adinako itsasuntzi konponketa-zentrorik ez egoteak Euskal Itsas Foroaren egitasmoa eragin du: Bilboko portuan untzien konponketarako koordinazio-zerbitzu baten eratzea.
Ekimen honek zerikusi zuzena du Europako Batasunean oro har antzeko zentroekin izan duten esperientziarekin. Horrela, Europako hainbat zentro, bere lana egiteko garaian, "komertzial" gisa aritzen da eta portuan sartu beharrik gabe konpontzen dituzte untziak. Badira beste esperientzia batzuk konponketak untzia itsasoan dabilen bitartean edo zamak jaso edo hustu bitartean egiten dituztenak.
Inkesta bat egin zen ekimenarekiko interes handia erakutsi zuten hainbat enpresabururekin. Beren beharrak argitu dituzte eta untzien konponketan eta horniduran azpikontratatzaile gisa eskuhartzeko aukera ikusten da. Proiektua 200 enpresa ingururi azaldu zaio eta 60tik gora izan dira guztiz alde agertu direnak, eta 20 enpresak proiektua aurrera eramateko erabakia adierazi dute.
Itsasoko konponketen eta laguntzaileen sektoreko enpresak biltzen dituen ADIMDE Gipuzkoako Itsas Industrien Elkarteak proiektu honen aldeko jarrera erakutsi du dagoeneko, bere ustez honelako zentro bat onuragarria gertatuko litzatekeelako untzigintzaren industriarako eta itsas sektoreko eraikuntza eta laguntzaileen esparrurako. Elkarte hori guztiz jabeturik dago ekimen hau gauzatuz gero, itsas sektoreko euskal industriaren lehiakortasunak gora egingo lukeela. Industria horrek 200.000 milioi pezeta inguru (8.000 milioi libera) fakturatu zuen 1999an, eta 15.000 pertsona ingururi ematen dio lana.
Administrazioak ere, Bizkaikoak nahiz EAEkoak, bere babesa eman dio ekimen honi. Horrela, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomi Sustapenerako departamentuak eta Industri Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuak (SPRI) ekimen honen aldeko interesa erakutsi dute eta prest leudeke sozietatea kokatzeko lokala uzteko. Euskal Itsas Foroko arduradunek ez dute oraindik beren zentroa kokatzeko lekuren baten aldeko jarrerarik adierazi, eta bere ekimenak enpresaburuen artean sortzen duen interesa ezagutzeko zain daude.
Foroak egindako inkestan sektoreko enpresek adierazitakoaren arabera, proiektu honen arduradunek oso kontuan izan beharko dute atrakaleku baten premia, untziek beren zama jaso edo husten duten bitartean egin ezin diren konponketak gauzatzeko. Nolanahi ere, arduradunak hainbat aukera aztertzen hasiak dira. Esaterako, Astilleros Reunidos Nerviónen kaiak, Sestao eta Portugalete arteko Benedictaren dartsena edo desagertutako Bizkaiko Labe Garaietako kaiak