argia.eus
INPRIMATU
ALBERTO BARANDIARAN
"BESTE HEMINGWAY BAT EZAGUTARAZI NAHI DUT"
2007ko otsailaren 21
Nondik nora otu zitzaizun honelako istorioari buruzko liburua idaztea?
Iaz Ernest Hemingwayren jaiotzaren ehungarren urteurrena ospatzen zela-eta "Euskaldunon Egunkaria"n idatzi behar izan nuen. Horren haritik Hemingwayrekin harremana izandako hainbat pertsona ezagutu nuen. Kuban izan zen garaian bera ezagutu zuten euskaldunak topatu nituen: "Jai Alai"ko pilotariak, 36ko gerran erbesteratuak... Inoiz kontatu gabeko istorioa aurkitu nuen: Hemingwayk euskaldunokin eta Euskal Herriarekin izan zuen harremana. Gainera, irlako euskaldunak batuz Hemingwayk nazien aurkako kontraespioitza sarea sortu zuela jakin nuen eta hori baliatu dut istoriorako.

Zein iturrietara jo duzu?
Ikerketa luzea egin dut, Hemingwayren bizitzako azken urtea ezagutzen baitugu gehienbat. Batetik bera ezagutu eta oraindik bizirik dauden pertsona bakan batzuekin hitz egin dut, eta Kubako erbesteratuen senideekin. Baliatu ditut baita ere eskutitzak eta berari buruzko liburuak.

Gertaerak horrela jazo ziren edo zure irudimenak izan du lekua?
Kontatzen dudana gertatu zen, nola ez dakit, han egon zirenak ez baitaude bizirik. Beraz, istorioa girotzen saiatu naiz. Helburua ez da biografia akademikoa egitea, baizik eta irakurlea erakartzea beste Hemingway bat ezagutu dezan. Hemingway ez baitzen izan bakarrik San Ferminak eta zezenak.

Zergatik ez dugu ezagutzen beste alderdi hori?
Beti esaten da euskaldunok ez dugula kontatu gure historia. Hemingway ezaguna da 1953an Nobel Saria irabazi zuenetik. Baina horren aurretik hamar aldiz izan zen gutxienez Euskal Herrian. Eta hori kontatu gabe zegoen