argia.eus
INPRIMATU
GURE HEREDENTZIA
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2007ko otsailaren 21a
Pribilejiatuak dira gure haurrak. Badira hobeto bizi direnak gureak baino. Aberatsagoak, asko. Hizkuntza normalizatuagoaren abantailak gozatuko dituztenak ere ugari izango dira munduan. Baina pribilejiatuak dira gureak beste askoren aldean.
Hori bururatu zitzaidan Txirri, Mirri eta Txiribitonek Euskadiko Orkestrarekin plazaratu duten diskoa lehenbizikoz entzun nuenean. Europako leku askotan (zertarako hasi Afrikako haurrekin alderatzen...) egin al diezaiokezu zure umeari holako opari bat?
Askotan nabil inguruko kulturetan zer kopiatu-egokitu bila. Eta aitortzen dut euskaraz egiten dugun gauza asko hizkuntza eta kulturaren normalkuntzaren aldeko ahaleginean justifikatu behar dugula. Baina gure arteko proiektu eta produktu batzuek gure inguruko kulturetakoen erdian beren distira erakutsiko dute hemendik urte askotara ere, norbaitek historiaren hautsa kentzen dien bezain pronto.
Disko hori bezalako luxuak eskaintzen dizkigute gure arteko batzuen talentuak, beste batzuen esfortzuak... eta diru publiko autonomikoaren laguntzak. Eragiten dugun mediokritatearen erdian sortzeko gai garen edertasuna goza dezagun, eta amets egin gure haurrek heredentzia xahutu ez baina ugaritu eta zabaltzeko baliatuko dutela.
Alta, ez ditugu egun gozoak edertasunaz mintzatzeko. Pentsa zitekeen, 98ko udazkenean ageri zena baino konplikatuxeagoa gertatu behar zuela hain urte luzez abertzaleen artean ere ereindako gorrotoak ez maitasun baina gutxienik elkarlan bihurtzeak. Ordea, hipotesirik txarrena ere on uzten duen dezepzio gorri hau, egun gogorragoen bezperatan gaudelako susmoa, ilunpe hain zorrotza... desastre hau heldu behar zuenik nekez asma genezakeen.
Begiek ez digute oraindik ahaztu Andoaingo kalean datzan gorpu odoldua. Ez dut ezagutu Lopez de la Calle, ez dut maitatu pertsona bezala, ez dut istimatu idatzi duena... eta zer? Injustizia galanta, trajedia, eta okerra.
Nola iritsi gara honetara? Nora goaz honela? Zer egin behar izan genuen beste modu batera beste norabait heltzeko? Eta zer egin dezakegu oraindik honetatik irteteko? Ekintza-errepresioa-ekintza ote da ala errepresioa-ekintza-errepresioa, zorabiatzen gaituen zurrunbilo hori? Gure herriarentzako opari aberasgarriago bat sortzeko gai izan beharko genuke.
"Tunel beltzera goaz berriro" esan dit euskal politikagintzaren gorabeherez jakitun izan behar duen adiskideak. Ez dakit nork erabakita. Ez dakit zergatik. Eta okerrena dena, ez dakit zertarako.
Gure azken urteetako iraganak prezioa kobratu behar zigula bagenekien. Sufrimendu gehiegi metatu da. Harrokeriak bere bidea egin du. Txarrera sobera ohituak izango gara. Konpondu behar ditugun gaitz guztien zamaren eraginak badira asteotako laino beltz hauek, faktura zaharren kitapenak, prezio garestiz bada ere irtengo gara. Baina okerragoa izango da hau dena xake joko moduan han, hor edo/eta hemen diseinatutako estrategia eta taktiken gorabehera baldin bada.
Zeren eta garai berean, Hernaniko kaleetan hogeita hamar gazte falta dira, eraman dituzte, ez bat, ez sei, ez hamabost, ez hogeita bi... lege antiterroristaren babesean. Hogeita hamar hutsune horiei, gehi lehendik urrutiratuta dauden beste herritarrenei, begira daude gure umeak.
Ez dakit urteotan pilatu ditugun aberastasun pixarrak inguruko burrunba mediokrearen erdian baloratzeko gai izango diren, gure haurrak. Baina seguru dakit heredentzian utzi dizkiegun zor eta hipotekak jadanik pagatzen ari direla